Heriotzaren beldur da gizakia, amaieren beldur. Beldurrei lotuta bizi gara, eta beldurrek eragina dute gure erabakietan. Gaztaroan, antzerki ikasketen aldeko hautua ez egitearen erabakia hartu zuen Ainhoa Alberdik –Zarautz, – ikara zuelako. Urte batzuk geroago, ordea, antzerkia egiteko parada etorri zitzaion. Aukera ez zuen galdu Alberdik eta ordutik antzerkiaz bizi da.
Psikologia ikasketak lagungarriak izan zaizkizu antzerkia egiterakoan?
Psikologiari esker gorputzetik asko sentitzen dut, hortaz, gorputzetik transmititzen du sarritan. Psikologia ez da soilik buruko zerbait, gorputzak ere badu bere garrantzia. Nik hor jarri dut fokua, eta bide horretatik landu dut, batik bat, psikologia. Lanerako orduan erabilgarria izan zait, gorputzarekin egiten baitut lan. Pertsonaiak garatzerako garaian gorputzetik abiatzen naiz, gorputzaren komunikazioa asko interesatzen zait eta.
Pertsonaia ezberdinen paperak antzeztea egokitzen zaizu. Paper bakoitza zure aurpegi bat litzateke?
Pertsonaia guztiek dute nirea den zerbait, izan ere, gidoia ematen dizutenean pertsonaia horiek zure egin behar dituzu. Ondorioz, ezberdina izango da nik nola antzeztuko dudan paper bat ala beste edonork. Askotan sentitzen dut antzezten ditudan pertsonaiek, guztiek, nigandik asko dutela. Aldi berean, guztiak ezberdinak dira. Eta guztiak ni naizen bezala, ezta bat ez naizela ni ere pentsatzen dut.
Eta zuk sortzen duzunean, zure historiatik abiatzen zara?
Sortzen dugun guztietan oinarritzen gara gure bizipenetatik, sentipenetatik. Zurea den horrekin jolasten duzu, fikzioa eta errealitatearen artean jolasten duzu. Niri, pertsonalki, joko hori asko gustatzen zait.
Bizi osoa daramazu antzerkiari lotua. Pertsonaia ezberdinen azalean jartzeak asko laguntzen al dizu?
Bizitzeko antzerkia behar du: niretzat bizia antzerkia da eta antzerkia bizia. Erretiroa? Ez, eskerrik asko. Nik antzerkia egiten jarraitu nahi dut, beharra daukadalako. Egunean entsegu bat balin badaukat badakit ondo egongo naizela. Egun txarra izan arren, antzezteko aukera badut, badakit ondo egongo naizela. Ihesbidea da niretzat.
Eta hori beti krisian dagoen lanbidea dela...
Sinestarazi digute dirua emango digun hori ikasi behar dugula, horretan jardun behar dugula: gustatu ala ez. Beldurra sartzen digute toki guztietatik, eta beldur horiek medio, ez dugu nahi duguna egiten. Nik, arrazoi horregatik utzi nuen antzerkia. Txikitatik gustatu izan zait, baina ikasketak aukeratzerakoan antzerkia albo batera utzi nuen. Gero, urte batzuk beranduago, aukera suertatu zitzaidan eta aprobetxatu egin nuen. Ordutik, antzerkiaz bizi naiz. Antzerkiak diru asko ez dizu ematen, baina benetan gustatzen bazaizu ez duzu gehiago behar. Okerragoa litzateke gustatzen ez zaizun horretan jardutea, eragina baitauka bizitzako gainontzeko alorretan. Bizitza xumea daramat, bai, baina zoriontsua naiz.
Gelditu gabe zabiltza. Oraingoan, Gabrielen Lekua sentikariarekin zabiltza, besteak beste. Zer da sentikaria?
Sentimenduak daude oinarrian, hortik sentikaria. Sentimenduz egindako obra da eta sentimenduetara iritsi nahi duena.
Diziplina ezberdinak uztartzen dira bertan. Antzerkiak ze toki dauka?
Antzerkia puzzlearen pieza bat gehiago da. Ez dauka garrantzia gehiago, ez gutxiago; bat gehiago da, besteak bezala. Iraia Elias eta biok gabiltza antzerkiaren zatiarekin. Askotan egin dugu lan elkarrekin, ia beti. Ongi ezagutzen gara eta gustura egiten dugu lan. Gainera, ikusleak feedback positiboa eman digu antzerkiaren inguruan eta hori pozgarria da.
Antzerkia zuek egin zenuten ala elkarlanean egin da?
Iraia Elias eta bioi zirriborro moduko bat eman ziguten, jorratu nahi ziren gai edota ideiekin. Guk, oinarri horren gainean inprobisatu egin genuen. Gidoilariak gure esanak jaso zituen, gure ideiak. Eta guzti horrekin idatzi zuen gidoia. Hortaz, guretik ere badu eta hori eskertzekoa da.
Eta proiektua ere elkarlanean egindako da ezta?
Guztion ekarpenak ditu proiektuak. Askotan jotzen dugu, nik behintzat, gauzak bakarrik egitera. Eztabaidak ekiditen dituzu, eta bakarrik egiten duzunez, zure gustura egien duzu. Baina aberasgarriagoa da taldean lan egitea, hartu-eman horretan ideia aberasgarriagoak sortzen baitira. Nik asko ikasi dut eta gustura aritu naiz. Uste dut ikuskizun polita dela Gabrielen Lekua.