Sarritan entzun diot hainbati gustura irakurriko lukeela gehiago, baina ez duela denborarik. Literatura irakurtzeaz ari naiz, noski, zeren, gainontzean, inoiz baino gehiago irakurtzen dugu, izan mugikorrean, izan bestelako euskarrietan. Ostera, hain bizi gara egunerokotasunak estututa, ez dugu tarterik ikusten liburu bat eskuetan hartu eta patxadaz gure baitan biltzeko. Izan ere, mereziko al du? Denbora horri etekinik aterako al diot?.
Nire lehenengo irakurketei heltzerakoan horrelako galderak sortu zitzaizkidan, eta normala da. Esan ohi den bezala, ezin gaitezke fio gauzen itxurarekin, eta arau hori liburuekin betetzen da bereziki. Irakurtzen hasi gabe, ezin dezakegu jakin liburu bat ona edo txarra den, gure gustuari egokituko al zaion, ezta ere bertatik irakaspenik aterako ote dugun. Arrisku ugari, bada, irakurketak eman dezakeen nekearentzat. Beraz, hobe errealitatearekin lotura handiagoa duten testuetara jotzea: egunkarietara, aldizkari digitaletara, sareetako argitalpenetara, etab.
Kontu bitxia da: literaturaren onurak ondo ezagutzen baditugu ere, gure zereginen zerrendan azkenerako utzi ohi dugu. Premiazko betebeharrak dituenak ezin du, itxuraz, fikzioarekin denbora galdu. Xaloki pentsatzen dugu, ogibidez izan ezean, liburu artean aritzen denak ez duela aparteko egitekorik, hots, astia soberan duela. Denbora-pasa nagia iruditu bide zaigu eleberriak-eta irakurtzea; huts barkaezina, denbora horretan probetxuzko gauzak aurreratu daitezkeenez gero.
Ostera, okerrekoa da uste hori. Irakurketa ez da hasten ohiko eginkizunak bete eta gero; izan ere, betebeharrak ez dira inoiz bukatzen. Irakurri gura duenak, egunari zati bat lapurtu behar dio, eta helburu xumeak jarri bere buruari: "Egunean atal bat"; "Egunean ipuin bat"; "Egunean hamar orrialde". Zenbat behar da, bada, hori egiteko? Hamar-bat minutu, formatua gorabehera? Ordu erdi balitz ere, mugikorrean pasatutako denborari pusketa bat kendu, eta kito. Ariketa hori nahikoa da jakiteko irakurtzea gustuko dugun edo ez: hala bada, jarritako xede txiki horiek hazi eta hedatuko dira; bestela, bertan behera geldituko da ahalegin berria.
Edonola ere, azpimarratu nahiko nuke guztiok dugula irakurtzeko tartea, beti ere ulertzen badugu gauza ez datorrela euria bezain erraz. Literaturzaleak ez "du" denbora hori. Aitzitik, hartu edota sortu egiten du. Ohitura horrek lanketa eskatzen du, gainontzeko eginkizunei tarte batean muzin egitea, lokomotorra gelditu eta eguneroko estutasunetik atseden hartzea une batez; gure ohiko harat-honata ikusita, asko eskatzea izango da agian. Dena dela, nabarmentzekoa da literatura irakurtzeko ohitura hartzen duenak norbere ongizatearen aldeko apustua egiten duela. Probetxua probetxu, ez zait bururatzen egitekorik, lehentasun handiagoa duenik.