003 zenbakia izan nintzenekoa

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Pardina 2023ko urr. 21a, 13:00

Correoseko posta bulego bat. (Correos)

Aritz Pardinak iritzi artikulua idatzi zuen urriko aldizkarian Moila Bazterretik atalean.

Irakurzale gehienok liburuak neurririk gabe erosten ditugu; askotan, irakurriko ez ditugula jakinda ere bai. Hala, etxeko apalategia konturatzerako betetzen zaigu. Bada, jada liburuak zutik sartzen ez direnean eta, etxeko liburutegian ez ezik, sofan, sukaldean eta komunean ere pilatzen hasten zaizkigunean, garaia izaten da horietako batzuk saltzeko edota dohaintzan emateko.

Gaur egun aukera franko ditugu liburuak saltzeko. Nik, esaterako, sarritan jo izan dut bigarren eskuko salmentarako web orrietara. Oro har, herriko posta-zerbitzu bulegoan egiten ditut bidalketak, edo, asko jota, Zarauzkoan. Hori bai, biek ala biek berdin egiten dute lan: bezeroak zuzenean jo behar du erakusmahaira, langilearekin operazioa gauzatu dezan. Aurreko batean, ordea, frogatu nuen normaltzat jotzen dugun hori ez dela herri txikietako bizilagunon abantaila baino. 

Izan ere, duela aste batzuk, Platonen liburu bat saldu nuela-eta (ez da broma), Donostiako Correos bulegoetako batean egin nuen bidalketa, hala komeni zitzaidalako. Goizeko lehen ordua zen. Sano-sano, bulego hutsean aurrera egin nuen, mostradoreraino. Erakusmahaien beste aldean zeuden bi langileak lasai bazeuden ere, ez zidaten jaramonik egin. Une deserosoa izan zen. Bulego hutsaren erdian bainengoen, bietatik nork atendituko zain, ez atzera ez aurrera, paketea eskuan, harik eta laugarren salmahaiko langileak galdetu zidan arte "Tiketik hartu al duzu?". Nik, ezetz. Jarraian, begiekin makina seinalatu zidan. Aparatuak, berriz, burutu nahi nuen operazioa zehazteko eskatu zidan. Bidalketa aukeratu nuen. Momentuan bertan, gainaldean nuen telebistak piiii egin zuen. 003 tiketa, 2. mostradorera.

Ondo dakit bulego horietan ez dela giro izango zenbait ordutan, sistema hori ezarri badute, izango dituztela euren arrazoiak. Dena dela, kezkagarria deritzot giza harreman xaloenak makinen esku uzteko dugun ohiturari, beharrezkoa ez den uneetan ere. Nire iritziz, ahal den neurrian, profitatu egin beharko genuke pertsonekin zuzenean aritzeko aukera oro. Era horretara, bide batez, egoera absurdo bat edo beste saihestuko genuke.

Oroz gain, pasadizo horrek ezin hobe erakusten du ohiko bizitzan, gutxi-asko, gizatasuna galtzen ari garela. Adibidez, ni neu, tiket-makina hori erabilita, jada ez nintzen, demagun, Mirenengana jo zuen Aritz, baizik eta 2. salmahaira jo zuen 003 zenbakia. Badirudi makinen galbaheari ihes egitea geroz eta zailagoa dela, are gehiago kontuan izanda hainbatek giza harremanak salduko lituzkeela erosotasunaren truke. Horregatik, bi gauza bakarrik desira ditut: batetik, jendeak Platonen gaineko interesari eustea; bestetik, Orion edo Zarautzen bidalketaren bat egin nahi dudanean, aukera izatea pertsonekin era naturalean eta zuzenean aritzeko, orain arte bezala. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide