Udalak euskararen erabilera bultzatu nahi du herriko taberna eta jatetxeetan

Erabiltzailearen aurpegia Orioko Udala 2017ko eka. 12a, 15:00

Orioko taberna eta jatetxe guztiak banan-banan bisitatuko ditu Udaleko Euskara Zerbitzuak, UEMAren laguntzarekin, eta laguntza eskainiko die tabernan edo jatetxean dauzkaten ageriko elementuak euskaratzeko

Orioko taberna eta jatetxeak gure herriaren irudi eta erakusleiho dira eta, horregatik, ahalegin berezia egin nahi du Udalak paisaia linguistikoa eta zerbitzuak euskalduntzeko.

Udan, gainera, bisitari asko dator Oriora, eta Udalak inportantea ikusten du euskara gure herriaren marka ere badela adieraztea. Horregatik erabaki du kanpaina hau orain egitea, uda betean sartu aurretik.

Orioko taberna eta jatetxe guztiak banan-banan bisitatuko ditu Udaleko Euskara Zerbitzuak, UEMAren laguntzarekin, eta laguntza eskainiko die tabernan edo jatetxean dauzkaten ageriko elementuak euskaratzeko: menuak, prezio-zerrendak, eskaintzen kartelak, kanpoko arbeleko mezuak eta abar. Bi lagun arituko dira bisitak egiten: Jabier Zabaleta Udaleko euskara-teknikaria eta Goizane Arana UEMAko teknikaria.

Euskara Zerbitzuak bisita horiek baliatuko ditu, bestalde, merkataritzako datu-basea eguneratzeko: establezimendu berriak sartu, itxi direnei baja eman, titular aldaketak, telefono edo email aldaketak…

ARKUPEko ostalarien babesa

ARKUPE elkarteko ostalariek ere bultzatu eta laguntzen dute Udalaren ekimen hau. Udalak haien ordezkariekin bilera egin zuen, ezertan hasi aurretik, eta prest agertu ziren ekimenaren berri emateko elkarteko kideei eta pausoak ematera animatzeko.

Merkataritzako gainerako establezimenduak udazkenean bisitatuko ditu Udalak.

Zergatik euskaraz?

Hizkuntza guztiak dira elkarren osagarri; eta, beraz, zenbat eta gehiago erabili, hainbat hobe. Zergatik da, ordea, inportantea hemen euskaraz egitea?

  • Balio erantsia du euskarak: onura dakar, jendeak eskertu egiten baitu bertako hizkuntzan aritzea eta bertako hizkuntza erakustea oharretan, menuetan eta gainerakoetan.
  • Oriotarren %90etik gora da euskalduna edo ia euskalduna (dena ulertzen duena).
  • Euskara Orioko berezko hizkuntza da eta, hortaz, gure izatearen eta irudiaren parte ezinbestekoa.
  • Euskarari dagokion lekua emanda, hizkuntza aniztasuna bermatzen da.
  • Zerbitzua bezeroaren hizkuntzan ematea kalitatezko zerbitzua eskaintzea da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide