Jendartean bidaide antzezlana izango da kultur etxean urriaren 6an

Erabiltzailearen aurpegia Orioko Udala 2016ko urr. 4a, 07:34

Berdin-Berdinak kirol elkarteak proposatu eta Udalak antolatuta, Jendartean bidaide antzezlana ikusteko aukera izango da Orioko kultur etxean urriaren 6an, ostegunarekin. Emanaldia 22:00etan hasiko da eta sarrerak 5 euro balio du. Dagoeneko sarrerak salgai daude.

Emanaldi hauek, normalean, ostiralean egiten dira; baina urriaren 7a jaieguna denez, egun bat aurreratu eta ostegunean egitea erabaki du Udalak

Kultur etxeko aretoaren aforoa mugatua denez, 120 txartel jarriko dira salgai eta, beraz, antzezlana ikusi nahi dutenek hobe dute garaiz ibili eta sarrerak aldez aurretik hartzea. Dagoeneko eros daitezke, kultur etxera joanda.

Inklusioa hizpide

Antzezlan hau iazko Kilometroak jaiaren barruan estreinatu zuten Usurbilen eta oso harrera ona izan zuen. Antzerkia eta musika uztartzen dituen proposamen artistiko-inklusiboa da: antzerki bat antzerkiaren barruan. Bertan antzezle talde anitza agertzen da, “Egunero gattunk artistak!” obra prestatzen. Antzezlanean ikusiko dugu taldean sorkuntza prozesu hori nola bizi duten. Oso denbora mugatua daukate dena prestatzeko eta, ari direla, zailtasunei aurre egin beharko diete, urduri ibiliko dira, eztabaidatu egingo dute, eta abestu ere bai piano baten laguntzaz…

Gai nagusia inklusibitatea da. Antzezlanak gaiarekiko sentsibilizazioa sortu nahi du eta, modu atsegin batean aurkeztuz, zer pentsatua eman ikusleari: Nolako jendartean bizi gara? Zer da ezgaitasuna edukitzea? Zer da gai izatea?

Antzezlanaren talde artistikoa honela osatuta dago: Ana Elordi, Anabel Arraiza, Satxa Soriazu, Telmo Irureta, Xanti Agirrezabala eta Eugeni Alzibar. Lagun gonbidatu batzuk ere parte hartuko dute: Ana, Bouchra, Enrike, Irati, Miren…

Zuzeneko musika Satxa Soriazu pianistak joko du eta, antzerkiaren lagungarri, zeinu bidezko interpreteak ere izango dira: Jugatx Agirre eta Ainhoa Moiua.

Aurkezle lanetan Jurgi Olasagasti arituko da, Gipuzkoako Kirol Egokituko Federaziokoa.

Gidoia eta zuzendaritza Alex Telloren esku daude.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide