GERTATUTAKOA:
Ez ohiko bilkura hasi baino minutu batzuk lehenago, udaletxeko atarian, OKK (Orio KaKa) gazte asanbladako kideak pankarta batekin sartzen hasi ginen bezain azkar, bi udaltzainek, alkateak bilkurara pankartarik sartzen ez uzteko agindua eman ziela ohartarazi ziguten. Orduan, pankarta bertan utzi eta plenoa entzutera joan ginen.
Bilkurak irauten zuen bitartean, OKK gazte asanbladako kideak aretoko atzealdean ezarri ginen, eta bilkuraren jarraipen arruntari ez genion oztoporik jarri. Bertan ordea, giroa berotzen hasi zen alkatearen jarrera harroputza ikusita. Hasieran, talde politikoei ez zien hitzegiteko aukerarik eman nahi beste taldeek esandakoari erantzuteko, eta gainera odezkari ezberdinek hitz egiten zuten bitartean, bera telefono mugikorrarekin jolasean zebilen. Hau gutxi balitz, bertaratu ginenon herri galdeketaren aldarria ignoratu zuen, erabat lekuz kanpo zegoen komentario bat baino gehiago bota zuen (“oriyo zarautz baño hobia da”; adibidez) eta bukatzeko ironiaz beteriko agurra eskaini zuen, giroa gehiago krispatzeko. PSOEko ordezkariak, betiko moduan, ez zuen hitzik egin, baina Eugenio Cotadok, hitz asko egin etzuen arren, eman zuen zer esana. Bozkaketa egiteko unean, abstenitu egin zen honela emaitza berdinketan utzita, berriz bozkatzera behartuz. Bigarren bozkan ordea iritziz aldatu zuen. Zenbat arrazonamendutara iritsi ote zen 30 bat segundotan? Nork daki. Beraz, Muntoko Plana behin betirako onartuta geratu zen.
Bilkura amaitu ondoren, eta tamalez hau da interesatzen den bakarra, gure haserrea adierazteko pankarta hartu eta udaletxe aurrean kontzentratzera gindoazela, barruraino sartzea otu zitzaigun. Eta hala egin genuen. Atetik sartzen ari ginen heinean, udaltzainak pankartari eutsiz tiraka hasi ziren, baina gu gehiago ginenez, aurrera egitea lortu genuen. Agian izango zen tentsio une hartan gorputzen arteko talkarik, baina inondik inora ez agresioa. Hau da une horretan gertatu zen bakarra, eta lekukoek honela konfirmatzen dute gainera. Gero pleno aretoaren kanpoan jarri ginen bertakoei gure dezadostasuna adieraziz. Amaieran, plazara irten ginen zinegotziak irten arte kontzentratzera, bainan han ez ginen OKK gazte asanbladakoak bakarrik, eta alkateak mezprezuzko agurra eskaini zigun. Orduan hasi ziren irainak eta alkatearen aitak, kirioak dantzan, bertan ginenoi mehatxuzko keinuak egin zizkigun, eta inor jipoitzeko asmoa erakutsi zuen. Alkateak geldituarazi zuen. Amaitutzat sakabanatu egin ginen.
Pixka bat beranduago, ertzainak agertu ziren herriko plazara, eta bertan ia inor ez zegoela ikusita, karkara aldizkariko langile bat identifikatuarazi zuten beraiei argazki bat ateratzeagatik. OKK gazte asanbladakooi ordea, zibilez jantzitako ertzain batzuk Arkaitz tabernaraino jarraitu zigutenez, 10 ertzain inguru agertu ziren gu identifikatzera. Bertan ere beste munduko ezer ez zen gertatu. Arkaitzera joan ginen, bertan Eugenio Cotado topatu genuen, eta berarekin lasai eztabaidan aritu ginen. Ertzainak sartu ziren, musika itzali, gu identifikatu, elkarri argazki batzuk atera, udaltzainek deklaratu, beraiek beren bidetik eta gu afaltzera. Zein arrazoirengatik salatu gaituzten? Udaltzainek zer deklaratu zuten? Guri ez galdetu, ez dugu esplikaziorik jaso.
GURE IRITZIA:
OKK gazte asanbladak argi utzi nahi du, agresioak baztertzen ditugula, eta ez garela izango gu, modu horretan lanean hasiko garenak. Ez dugu udaltzaingoarekiko inongo aurkakotasunik erakutsi. Beraiek beren lana egin zuten eta guk gure betekizuna.
Alkateak emaniko agindua eta erakutsitako faltsukeria salatzen dugu, adierazpen askatasunaren eskubidea urratzen baitigu. Laster, kamisetetan lemaren bat izateagatik kentzera behartuko gaituzte. Eta orduan zer? Exibizionismoagatik beste salaketa bat? Edo ta denok arraun klubeko kamiseta soinean eta irribar batekin joan behar dugu bilkuretara alkatearen edo bere aitaren nahiak asetzeko?
Bertan izan zen biolentzia arrasto bakarra, Jon Redondoren aitak erakutsi zuen, eta ez da inor faltatzearren, baina bere semeak eutsi behar izan zion guganaino ez ailegatzeko, nork daki zer gertatuko zen ez bazion eutsi. Aita semeen artean agresiorik ote? Hiruko erregela honekin jarraituz, identifika dezatela bera ere!
Guzti honekin gainera, argi dago nork irabazi duen, alkateak eta PNV-k. Hitzegin beharrekoa muntoko plana zen, eztabaidatu beharrekoa, alde edo kontra jartzekoa, baina ez gure jarrera. Hala ere batzuk oraindik gu kriminalizatu nahian jarraituko dute, batzokiaren erasoa bezala (barkamenaren zain gaude oraindik), baina beharrezkoa bada, herriaren aurrean erakutsi dezatela kamarek grabatu zutena, akusazio faltsu hauek, ematen ez badu ere min egiten dute eta. Gu ere itxuraz baliatzen baikara gure ekintzetan, eta lurraren azpitik utzi nahi gaituzte herriaren aurrean.
*MUNTOKO PLANARI BURUZ:
Hasteko, iruditzen zaigu, muntoko planean lau atal bereizi behar direla, eta atal hauek bereizita bozkatu beharko liratekela. Hauek dira, gure iritziz lau atalak:
1. Ikastolaren eraikin berria.
Jakina da, ikastolak eraikin berri hau BEHAR duela, eta ez dela kapritxo soil bat. Guk, ikasketak orain dela gutxi amaitu ditugu edo zenbait ikasten ari gara eta badakigu zer den kanpoan ikasi beharra, beraz, gure herriko gazteei eta umeei hemen 16 urtera arte gutxienez ikasteko eskubidea bermatu nahi diegu.
Baina arazoa lehendik dator, ikastolak berez 10000m2-ko lursaila baitzuen behar zuenean eraikitzeko, baina lursail hau, dugun kiroldegi “legal” hori egiteko erabili zen, eta orain, ikastolak beharra du, baina lursail hori...okupatuta dago.
Bestalde, ikastolaren arazo hau muntoko planaren zati bat izatea PNV-ren interesa dela iruditzen zaigu, honekin, ikastolakoei plana onartzera bultzatzuz, eta bertan ikasten seme-alabak dituztenei beldurra sartuz; azken finean, gure herrian agintzen duen alderdi maitearen beste azpijoko bat dela dirudi.
2. Etxeak eraikitzea.
Herrian etxe gehiago egin aurretik, egungo etxebizitza hutsen kontaketari buruzko ikerketa egin beharko litzateke, gure ustetan gehiegi batira. Gogorarazten dugu, hondartzako etxe asko oraindik saltzeko direla eta, lanak gelditu dituztela promotoreek, eta dikeko lanak atzeratu dituztela, eroslerik ez dagoelako, eta berdin ari da gertatzen beste herri askotan. Zein lur sail geratuko da hemendik gutxira, gaur egun edo ondondorengo belaunaldietan? Etxe berriak kanpotarrek soilik erosten dituzte, eta horrek lotarako herri bilakatuko luke Orio, eman nahi diogun bizi gutxi hori erabat hilez!
Horrez gain, etxebizitzak eraikitzekotan, babestutako etxe gehiago egon beharko luke, %20 eskasean mugatu beharrean. Legeak %75 arte onartzen badu, zergatik ez saiatu promotoreekin negoziatzen? Adostasun batera heldu gaitezke.
3. Eroski; merkatal gunea.
Ez da Arkuperi “pelota” egitearren, baina hein batean gure nahiak asetzen dituen denda aukera zabala dugu Orion, baita elkarren artean konpetentzia duten arlo berdinekoak ere. Baina hortik merkatal gune bat eraikitzera...alde handia dago! Gogoan eduki dezagun, merkatari hauek ere herritarrak direla, eta ez dutela zertan kanpoko eragile baten aurka lehiatu. Gainera, Oriok duen populaziorako, beharrezkoa ote da gune hau? Gure uste apalean EZ, eta EZ larriz jartzen dugu, 5000 (Redondoren hitzak) pasatxo biztanle duen herri baten nahiak asetzeko adina badago eta. Gainera, gizarte honek duen beste gaixotasun batera jotzen dugu, komodidadea. Zer kostatzen zaigu bada kanpora joatea? Zarauzkoak ere gure nahiak asetzen ditu, edo ditzake, eta Urbil ere hortxe dago. Horrelako ezer inguruan, bi pausotara izango ez bagenu, ba agian, baina nahiago dugu gure herritarrak kaltetuak izatea eta pauso erdi bat eman, herritarrak ez kaltetu eta bi pauso eman baino.
4. Aparkalekuak.
Herriak aparkaleku beharra du, baina inguru hori ez da arazoa duena. Baxoaldeko aparkalekua ez da gauetan ere betetzen, eta inguru horretan aparkaleku gehiago izanez gero, beste inguruetan ez egiteko aitzakia izango dute.
ERANTZUNAK:
1.- Legea urratu zenuten pankarta plenora igota?
Bai, alkatearen agindua desobeditu genuen. Baina alkatearen baitan dago pankartak igo ala ez erabakitzea eta ez legearen baitan. Berak nahi duelako bakarrik ezin dira igo pankartak.
2.- Zer gertatu zen, zuen esanetan, udaltzain eta pankarta zutenen artean?
Udaltzainak parkartari eutsiz tiraka hasi ziren, baina gu gehiago giñenez, aurrera egitea lortu genuen. Agian izango zen tentsio une hartan gorputzen arteko talkarik, baina inondik inora ez agresioa.
3.- Zuen ustetan zer egin behar zuten udaltzainek egoera horretan?
Udaltzainek ongi jokatu zuten, hasieran alkatearen aginduaz ohartarazi ziguten eta amaieran parkarta kentzen ahalegindu ziren. Zer gehiago egin behar zuten ba?
4.- Autokritikarako gai zarete?
Bai.
5.- Dena ondo egin zenuten?
Diplomaziak huts eginik, unean biderik egokiena iruditu zitzaigun. Desobedentzia, eta ez agresioa.
6.- Pankarta igo ez bazenute, jasan dezuten guztia jasan beharko zenuteke?
Noski ezetz. Pankartaren kontuak zer esan handia ekarri du, kritika ezkorrak eta gezurrak barne. Baina gutxienez jasaten dugun adierazpen askatasun eza agerian utzi dugu, hori baitzen gure helburua.
GAIZKI ULERTUAK:
Gaur izango den kontzentrazioari buruz sortu diren gora-beherak argitu nahi ditugu, ez baita ezker abertzalea izan antolatu duena, gu baizik. Horretaz gain, ez da udaltzain eta ertzainek asteartean azaldutako jarrera salatzeko, gure herriaren buru den alkate eta bere alderdiaren jarrera salatzeko baizik.