Hik Hasi-k argitaratzen duen aldizkariko azken alean, erreportaje interesgarria osatu dute herrietako kultur ondarearen transmisioa ardatz hartuta. Iñigo Ramirez de Okariz Huheziko irakasleak argitaratu berri duen “Gertuko kultura ondarearen transmisioa eta hezkuntza eragileak Lehen Hezkuntzan” tesian oinarrituz, ikastetxeak eta herriko eragileak inplikatuko lituzkeen bidea lantzen du erreportajeak.
Orioko curriculumaren oinarri eta baloreekin guztiz bat datozen dozena erditxo bat aipu ekarri ditugu blogera. Erreportaia osoa irakurri nahi baduzue, egin klik hemen.
Ondo bizi!
- (...) Belaunaldiz belaunaldiko transmisioaren etenak, globalizazio azkarrak eta herritarren mugikortasunak nork bere herria garai batean baino gutxiago ezagutzea ekarri du. Gainera, ikastetxe askotan irakasleen joan - etorria handia izanik, zail da tokian tokiko ondarea ezagutzea (…)
- (...) Ramirez de Okarizen hitzetan “etxea izan da historikoki transmisio-gune garrantzitsuena, baina dagoeneko hemen ditugun gizarte aldaketen ondorioz, kultur transmisioaren ardura hori ikastetxeen esku gelditu da neurri handi batean (…)Egoera horretan, Ramirez de Okarizek ezinbesteko ikusten du hezkuntza prozesua ingurunearekin lotzea ingurua ulertu nahi badugu, gaur egun aldaketak geroz eta bizkorragoak, zabalagoak eta estrukturalagoak baitira (…)
- (…) Gertuko kultura ondarea, norberaren identitatea ezagutzen hasteko eta proiektatzeko baliabide paregabea da eskolarentzat, Ramirez de Okarizen aburuz (…)
- (…) Kultur ondarearen transmisioan, alabaina, ez du eskolak bakarrik egon behar, Ramirez de Okarizen iritziz, eta horixe da, hain zuzen ere, defendatu duen tesiaren iparrorratza: “Eskolak ez du bakarrik egin behar bidea, baizik eta euren zeregina kultura (gure kasuan, gertuko kultura ondarea) transmititzea eta eraikitzea duten gertuko erakundeekin elkarlanean aurkitzen da, nahitaez” (…)
- (…) Politikari, hezitzaile, museologo eta herritar orok bultza ditzaketen elkarrekintzek, soilik, eragingo dute herrien ondarearen kontserbazioan, irakaslearen arabera, “eta baita hezkuntzaren zerbitzurako benetako erreminta boteretsua bihurtzen ere”.
- (…) Udalaz eta eskolaz gain, bestelako eragileen artean, berriz, museoek, interpretazio-zentroek, natur eta ingurugiro eskolek, turismo bulegoek duten egitekoa lantzen du bere tesian, baina oso garrantzitsu jotzen ditu kultura ondarearen transmisiorako herriko musika-taldeak, dantza taldeak, bertso eskolak... eta familiak ere. “Gero eta gehiago atera behar dira haurrak eskoletatik, eta ez soilik noizbehinka egiten den irteerara” (…)