Lurrazpiko edukiontziak: bai ala ez

Erabiltzailearen aurpegia orainorio 2017ko ots. 1a, 14:01

Urtarrileko Karkarak Udalaren txokoa atalean “Lurrazpiko edukiontziak mantendu egin behar al dira?” gaia garatu du eta, beti bezala, lau talde politikoen iritziak plazaratu ditu.

Gaia eta galderaren jatorria hau da: 2018tik aurrera Urola Kostako Udal Elkarteak kudeatuko du eskualdeko zabor bilketa zerbitzua eta horrek 2017an Elkarteko herrietan (Zarautz, Zumaia, Orio, Getaria, Aia) egokitzapenak egitea ekartzen du, besteak beste lurrazpiko edukiontziak mantentzea edo ez erabakitzea.

Lurrazpiko edukiontziek begi bistako abantailak dituzte: estetikoagoak, higienikoagoak eta irisgarriagoak dira. Desabantaila nagusia lurgainekoek baino kostu handiagoa dutela da.

Alde edo kontra egoteko eta egiteko argudio horiek erabili dituzte Orioko udaletxeko lau talde politikoek eta nabarmen agertzen dira artikuluaren erantzunetan. EAJ talde politikoak ez du kostua aipatzen, ez du euro hitza erabiltzen eta beste hiru taldeek (EH Bildu, Orain, PSE-EE) abantailak eta kostua jartzen dute balantzan.

Gaiaren alde guztiak izan behar dira kontuan erabakia hartzeko eta estetika, higienea eta irisgarritasunari kostuaren zama gehitu behar zaie. Hauek dira lurrazpiko edukiontziak mantentzen baditugu oriotar guztien artean ordainduko duguna: 350.000 euro edukiontziak egokitzeko eta 40.000 euro urtero mantenua egiteko.

Orion 21 irletan edo eremutan daude kokatuta 90 inguru edukiontzi. Urola Kostako Udal Elkartean lurrazpikoak dituzten herriek (Zarautz, Getaria, Aia) kontuan izan dituzte aipatutako arrazoiak eta dauzkaten gutxiak kentzera doaz.

Bi iritzi nagusi daude Orioko Udaletxean: bizpahiru kenduta beste guztiak mantendu edo gehienak kendu eta behar beharrezkoak direnak utzi. Orain taldea bigarren aukera honen alde dago.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide