Aberri Eguna - Orio - 2016

Erabiltzailearen aurpegia orainorio 2016ko mar. 30a, 14:16

Aurreko urteetan Aberri Egunean ikurriña ez zela jarri eta 2012ko martxoaren 28ko Udalbatzarraren ohiko bilkuraren aktan horrela gelditu zen jasota Orain taldeak aurkeztutako mozioa:

Udalbatzarrak gaiaren berri jakiten du. Orain udal talde politikoak aurkeztu duen idatziak honela dio, hitzez hitz:

2012ko apirilaren 8an Aberri Eguna ospatuko da Euskal Herrian. 1932an hasi zen ospakizunak oztopoz josita egin du bere ibilbidea. Garai berri eta itxaropentsu hauetan, gure nortasuna eta izaera indarberritzeko aproposak direlakoan, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko herritarrek beraien aldarriak azalarazi ditzatela eskatzea dagokigu. Horrela, Orioko Udaleko udalbatzarrak jarraian agertzen diren puntuak onartzea eta herritarrei horien berri ematea eskatzen da:

1.- Herritar bakoitzak, bere etxeko kanpoaldean, ikurriña jar dezala.

2.­- Udalak, udaletxeko balkoian, ikurriña jar dezala.

Udalbatzarra jakinaren gainean geratzen da eta, gaia eztabaidatu ondoren, HONAKO HAU ERABAKITZEN DU, AHO BATEZ (guztira HAMABI BAIEZKO BOTO; gehiengo absolutua, beraz):

ONARTZEA 2012ko apirilaren 8an egingo den Aberri Eguna dela-eta, Orain udal talde politikoak gaiari buruz egin dituen eskariak, goian jasota dauden bezalaxe.

Geroztik Aberri Egunean urtero jarri izan da ikurriña udaletxeko balkoian, herriak aukeratutako ordezkarien gehiengoak horrela nahi zuelako. 2016a heldu da eta ez genuen pentsatzen gehiengoa aldatuta zegoenik, baina dirudienez batzuk ez dute argi edo argi dute baina ez intentsitate nahikoarekin.

Ikurriña euskal herritarren ikurra da, pertsona multzo batena, espainol nazionalistak berea duten bezala guk gurea daukagu, oriotarrak bandera horia duten bezala eta Real Sociedad futbol taldeak txuria eta urdina duen bezala.

Ikurriñak duen esanahiagatik (lurra, aberria, etxea) bizia eman dute askok eta askok. Duintasuna mantentzeko, hizkuntza erabiltzeko, izaera zaintzeko egin zutena ahaztezina da eta ahaleginak egin behar dira ez ahazteko. Ez dakienak nondik datorren zaila du etorkizunean norabide egokia hartzea.

Hemendik urtebetera 2012an aurkeztu genuen mozio bera berriro aurkeztuko dugu.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide