Bidegorria Arrantzale kalean

Erabiltzailearen aurpegia orainorio 2015ko urr. 30a, 12:58

2007an behin betikoz onartutako Arau subsidiarioetan eta 2012ko urrian behin betikoz onartutako Plan Orokorrean Orioko bidegorri sarearen trazatua agertzen da eta Arrantzale kalea trazatuaren zati bat da.

Topagune Berdea lan taldeak bidegorri sarea zatika egitekotan tarteak lehenestea proposatzen zuen eta, horrela, 2014 urtean Gipuzkoako Foru Aldundiko (GFA) laguntzarekin Dikeko bidegorria osatzeko lanak burutu ziren.

2015eko GFAren diru-laguntzetarako Arrantzale kaleko zatia lehenetsi zen. 2015eko ekainaren 19ko GFAren buletinean “Orioko udal bidegorri sarea osatzeko lanak” proiektuari diru-laguntza ematea argitaratzen da (40.110,43 euroko kostutik 20.456,32 euro).

2015eko urriaren 19an egiten den Ogasun batzordean, udaletxeak jarri behar duen diru-kopurua osatzeko kreditu aldaketaz hitz egiterakoan, zeharka jakiten dugu diru-laguntza emana dagoela eta obra azaroa bukaerarako egina egon behar duela.

Lau hilabete pasatu dira informazioa jaso gabe, Hirigintza batzordean diktaminatu gabe eta horrela proposamen teknikoari udal talde politikoek ekarpenak egiteko aukera galtzen da. Ez da merkatariekin ez bizilagunekin hitz egin ezta informazioa pasa. Ez dakigu zein neurri pentsatuta dagoen kentzen diren aparkatzeko hamabi plaza (tartean ezinduen bat) ordezteko.

Prozedura guztiz aldrebesarekin (aurrena kreditu aldaketa onartu eta gero obra), urriaren 26ko Ogasun batzordeak kreditu aldaketa onartzen du, urriaren 27ko Hirigintza batzordeak (arratsaldeko 19:00etan) bidegorriaren proiektua onartzen du eta egun bereko udalbatzarrak (arratsaldeko 19:30etan) beharrezko kreditu aldaketa onartzen du.

Arrantzale kaleko espaloien %75ak 7m ditu. Espaloia 4m-koa utzi, egungo eserlekuak tokiz aldatu eta zuhaitz eta eserlekuek era egokian babestuta (oinezkoen eta bizikleten arteko ibilbideak era egokian berezita) bidegorria egitea proposatu du Orioko udaletxeko bulego teknikoak.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide