Kanpineko inbertsioak etekinak ematen hasi dira

Erabiltzailearen aurpegia orainorio 2015ko mar. 9a, 13:05

Historia labur bat eginez esan behar da 2004ean kanpinak azalera erdia galdu zuela, txikitu egin zela. Urte askotan zalantzak egon ziren jarraitu edo ez eta ez zen ia ezer gastatu mantenu eta berritze lanetan. 2002tik 2011ra 218.926 euro inbertitu ziren eta ez zen apenas diru-laguntzarik lortu.

Orioko udalak 2011an erabaki garbi bat hartzen du eta kanpinaren aldeko apustua egiten da. 2012tik 2015era 1.697.961 euro inbertitzen dira eta 380.263 euro lortzen dira diru-laguntzetan, ia laurdena. 

Egindako obra nagusiak hauek dira:
   a) Partzela guztien instalakuntzak eta bide guztiak berritu, zaharkituak zeuden zeharo
  b) Zerbitzuak berritu: denda, taberna, biltegia, terraza handitu. Horrela zerbitzuak kanpora begira geratzen dira eta ez barrura
   c) 34 bungalow jartzen dira, besteak beste, etorkizunean kanpina urte osoan irekitzeko asmoarekin eta gaur egungo bezeroaren eskari hori asetu ahal izateko.

Erabaki hauen emaitzen fruitua 2014ko balantzean agerian gelditzen da: azken hamarkadako urte hoberenarekin (2010) alderatuta irabaziak 3,37 biderkatu dira. Beste modu batean esanda: 2004tik 2013rako tartean 90.089 euro irabazi ziren guztira eta 2014ean, urte bakarrean, 155.106 euro irabazi dira. Gainera, 2014ean fakturazio errekorra izan dugu: 636.990 euro (BEZ gabe).

Turismoko zinegotzia den Miriam Urangaren esanez guzti hau kanpineko langileek taldean egin duten lan eskergarengatik izan da.

Kanpinak 2015eko denboraldi berria martxoak 2an hasi du eta kanpineko lan taldea prest dago aurtengo bi erronka nagusiei aurre egiteko:

1) Lan prozesu berriei egokitzea: bungalowak mantentzea espezializazioak behar dutelako eta, horrela, kontratazio berriak langileen perfil desberdina eskatzen du. Hiru udal taldeek zuzendari berriaren plaza eta mantenuko arduraduna datorren legealdian ateratzea adostu dute.

2) Eraikuntzaren zerbitzu eta irudi komertziala hobetu. Alde batetik irisgarritasuna legeari egokituz eta bestetik eraikuntzaren kanpoaldeko itxura hobetuz. Kanpinaren aldaketa estrategikoaren azken fase hau martxotik apirilera egingo da eta hesia kendu, espaloia handitu eta harrera aldeko inguruari itsasontzi baten forma emanez gauzatuko da.

Obra hauek ezin izan dira lehenago hasi Eusko Jaurlaritzak eman behar zuen diru-laguntza batekin lotuta zeudelako (115.000 euro). Azkenean otsailaren erdi aldera iritsi denez posible izango da egitea.

Bai langileak eta baita Udaleko Turismo atalak 2014an lortu den arrakasta berdintzen edo hobetzen ahaleginduko gara. Egin den inbertsioak horretara garamatza.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide