Hauteskundeak

Orain 2015eko udal hauteskundeetara aurkezten da

Erabiltzailearen aurpegia orainorio 2015ko mar. 5a, 15:02

2015eko hauteskundeetan berriro aurkeztu ala ez eztabaidatzeko eta erabakitzeko garaia urte hasieran heldu zitzaigunez, barneko eta inguruetako hausnarketekin eta kanpoko informazioarekin kontatu nahi izan dugu erabakia taldekideentzat eta herritarrentzat egokiena eta hoberena izan zedin.

Herritarren kopuru estimagarri batek babesa eman zigulako aurkeztu ginen 2011ko udal hauteskundeetara eta oraingorako daukagun babesa neurtzeko adin, sexu, lanbide, esparru eta ideologia guztietako 95 herritar aukeratuei inkesta bat pasatuz informazioa biltzea erabaki genuen.

Horrela betetzen genuen, baita ere, taldeko bozeramaileak Karkara aldizkariaren iraileko alean agindutakoa: “Jendeak gure beharra ikusten duela eta gure eginkizuna eskertzen duela nabaritzen badugu, berriz aurkeztuko gara.”

Ia hamarretik zazpi izan dira (62) Correos-eko gure posta kutxatilan jaso ditugun inkestak. Erantzunen kantitatea eta kalitatea kontuan hartu ditugu, guztiz kritikoak barne, eta horrek eman dio Orain herri plataformari aurkezteko indarra.

Laburbilduz, honakoak izan dira jaso ditugun balorazioak:

Orokorrean, nola ikusi duzu Orain taldearen lana? (1-Oso gaizki……3……5-Oso ondo) galderak 3’9 puntuko balorazioa jaso du.

2011 urtetik hona, udaletxearen eraginez, nabaritu al duzu eta zein neurritan hobekuntzarik arlo hauetan? (1-Gutxi.…..3…...5-Asko) Kultura eta Festak izan da balorazio handiena jaso duena (3’6) eta Turismoa ondoren (3’5).

Nola baloratuko zenuke Orain taldea 2015eko udal hauteskundeetara aurkeztea? (1-Oso gaizki … 10-Oso ondo) 7’9 puntu izan ditu.

Hurrengo galderei baietz edo ezetz erantzuteko eskatzen genuen eta hona hemen erantzunak puntuetara ekarrita:

 

Puntuak

Herria, orokorrean, orain 3 urte baino hobeto dago?

7’7

Udaletxea gertuago sentitzen al duzu?

4’9

Mutiozabal ontziola berreskuratu behar al da?

7’8

Hondartzaren egoeran arazoa ikusten duzu?

9’2

Beharrezkoa al da komuna Dikeko parkean?

6’1

Padel zelaia estaltzea premiazkoa al da?

2’6

Parke bat estaltzea premiazkoa al da?

6’3

Goiko kalean semaforoa jartzea ondo al dago?

1’7

Umeentzako ludoteka jartzea ondo ikusten al duzu?

9’0

Herriko seinalitika hobetzeko premia al dago?

7’5

Egokia da udalean 3. indar abertzalea egotea?

9’3

Galdera irekia ere egin da (Zeintzuk dira, zure ustez, Orain taldeak izan dituen akats edo gabezi nagusienak?) eta iradokizunak, eskaerak eta hobekuntzak idazteko orrialdea ere eskaini da. Oso-oso baliagarriak egin zaizkigu akatsak eta gabeziak detektatzea eta baita eman diguten gomendioak eta aholkuak.

Laster beteko dira lau urte udaletxean gaudela eta etxe guztietan bezala, gurean ere bai, akatsak egiten dira eta gabeziak daude. Hurrengo asteetan alde onak eta txarrak, positiboak direnak eta eskasak, lan egiteko modu eragingarriak direnak eta ez hainbeste azalduko ditugu gure eskura dauden medioekin.

Gure jardueran azaldu diguzuen gabezi nabarmenetakoa informazio/komunikazio gutxiegi ematea/egitea da. Bagenekigun hori horrela zela baina bi eskuekin (zinegotzi) ezin izan dugu lana nahi genuen bezala borobildu eta ondorioz herritarrekin proiektuak partekatu.

Gabezi hori zuzentzeko twiter-en kontu bat ireki dugu: @orainorio, helbide elektroniko propioa sortu da: orainorio@gmail.com eta Karkara aldizkariko “Komunitatea” atalean Orainorio izenburuarekin orria dugu. Aste honetan estreinatu gara “2015eko aurrekontuak prest” artikuluarekin.

Horietaz gain Correos-era gutunak bidaltzeko sobrean helbide hau jarri behar duzu: Orain herri plataforma, 100 posta kutxatila, 20810 Orio.

Edozein aukera erabil dezakezu nahi duzuna proposatzeko edo egin dugun inkestaren galderak erantzun eta bidaltzeko. Gauza bera gurekin kontaktuan jarri edo laguntza eskaini nahi bazenu.

Orio, 2015eko otsailak 25

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide