Paga, zinea, futbolinak eta… arrauna!

Erabiltzailearen aurpegia Manu Etxeberria 2026ko martxoaren 22a

Charlie Chaplin.

Paga igandeetan izaten genuen gure garaian. Txikitan, eta nerabezaroan oraindik ere bai, zinea genuen igandeko denborapasa gogokoena. Ohikoa genuen, eta arrunta zen urte haietan (hura suertea gurea!), igandero zinera joatea. Tarzan-en (Johnny Weismuller) pelikulak ikusteko aukera genuen; edo El zorro-renak. Halaber, Los siete magníficos, Sansón indartsua eta erromatar gladiadoreak genituen jainko txiki. Bestalde, gure barreen jabe ziren Marx anaiak, Charlie Chaplin eta El gordo y el flaco bikotea, txuri-beltz bizian; eta, ondoren, koloretan, Peter Sellers eta pantera arrosa, Jerry Lewis, Cantinflas eta, noski, Woody Allen-en eta Monty Python-en lehenbiziko filmak. Bihotzeko kontuak ere tartekatzen zitzaizkigun, eta Sisi enperatrizarekin izan genuen mutil gehienok maitemina, sakon eta garbia.

Futbolinak. Gazte gehienon topaleku izan ziren. Karmenen futbolinak, billarra, ping-ponga… gure txanponen kutxa ziren. Billarreko makinetan, 2,5 zentimoko txanpon mitiko haiek erabiltzan genituen! Futbolinak, apartak. Norbaitek aurkitu ditu inon bi hankekin jokaldiak egiten uzten ziguten futbolari haien modukoak?

Arraunean. Kirola ere, diziplina, sartu zitzaigun gure bizimoduan. Neuk, 10-12 urterekin eman nituen aurreneko paladak errioan, skiffean. Gogoan dut lehenbiziko entrenatzailea, edo arduraduna, edo kaso egiten ziguna, Luxiano Manterola izan zela. Ordurako gurpil-aulkian eserita, enbarkadero zaharreko goiko aldetik, zeramikara joan-etorrian jartzen gintuen, baita ziaka estropadak egiten ere, alajaina! Gerora, kadetetan, lehenbiziko estropadetan, Estanix Sarasuaren hitzak izan genituen gidari. Behin, estropada hasi aurretik halaxe esan zigun: 'ondo berotu!', irteera eta joaldi batzuk eman, beldurrik gabe! Orain berrogeita hamar urte, 1976 aldera, bai, beroketa egin behar genuela esaten ziguten; modu berean, Patxi Sarasuarekin entrenamendutan pultsoa hartzen ohitu ginen. Orio, berriz ere, arraun kontutan, aintzindari. Handik urte gutxitara, 1970eko hamarkadaren bukaeran, Banyolesetik bidaltzen zizkiguten entrenamenduak eta luzapen ariketak ere egiten hasi ginen.

1982. urtean jarri ziguten kluba orain dagoen gunean. Enbarkadero zaharra, barraka mitikoa Toki-Alairen ondoan, iragana bihurtu ziren. Hantxe, jatetxean, ematen zizkiguten dominak txapelketen ondoren. Aldagelak, hala moduzkoak, lehenbizi Diken eta gero Frantses-fabrikako langileen aldagelak izandakoak erabili genituen.

Makina estropada jokatu genituen; domina dexente irabazi ere bai, Gipuzkoako txapelketetan, Euskadikoetan eta Estatukoetan. Euskadiko selekzioaren hastapenetan ere han izan ginen, garaile, zoriontsu. Nazioartean Estatuko selekzioarekin lanean hasi nintzen, eta traineruan ere bai, gustura, baina istripuak bidea moztu zidan. Atsekabearen ondoren, arrauna utzi eta boligrafoa hartu nuen. Eta hemen gabiltza!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide