Etiketarik gabeko altxorrak

Erabiltzailearen aurpegia Julene Sorarrain 2026ko martxoaren 14a

Pertsona bat puntua egiten. (pixabay)

Honako iritzi artikulua plazaratu du Julene Sorarrain kazetariak otsaileko Aia-Orio Guka aldizkarian, Moda iritzi atalean.

Hotzaren etorrerarekin batera, neguko arropa ohe azpitik ateratzeko unea iritsi da. Lumaz betetako berokiak, euriari aurre egiteko botak, artilezko jertse potoloak... Negua iristen denean eta hotza berokiaren mahuketatik sartzen denean, ordea, beti gauza bera bilatzen dut armairuan. Ez da azken denboraldiko jertsea, ezta iaz erositako larruzko jaka ere. Eskuz ehundutako txanoa, bufanda eta eskularruak dira. Urteak joan eta urteak etorri, amonak eta izebak urtero oparitu dizkidate beraien eskuekin jositako pieza horiek. Ez dute inolako modarik jarraitzen, baina beti hor daude, neguari aurre egiteko prest.

Aitonak bere tailerrean egindako apain mahaian gordetzen ditut neguko osagarri kuttun horiek. Ia gainezka egiten duen kaxoia zabaldu eta kolore ezberdinez margoturiko osagarriak aurki ditzaket bertan. "Osagarri bat okasio bakoitzerako", nire amak esango lukeen moduan. Eskuz egindako pieza horiek, ordea, ez dira moda azkarreko dendetan erosten, belaunaldiz belaunaldi jasotzen dira, eta egunen batean, zorte apur batekin, zure eskuetan amaitzen dute. Ohe azpiko poltsetan edo armairuaren atzealdean bildurik, jantzi horiek ez dute etiketarik, baina zerbait preziatuagoa daramate: familiakoek eskainitako denbora, pazientzia eta maitasuna.

Joerak egun batetik bestera aldatzen diren garai honetan, arropa horiek korrontearen aurka doazela uste dut. Ez dute Black Friday fenomenoa ulertzen, ezta sasoiko koloreak eta estanpatuak ere. Bakarrak dira, eta askotan inperfektuak: mahuka bat bestea baino luzeagoa izan dezakete, baita artilezko bola ezberdinekin osatuta egon ere. Baina horregatik dira hain bereziak. Ehundutako puntu bakoitzak arratsalde lasai bat gordetzen du. Amona egongelako besaulkian eserita, telebista ikusten eta biloba bakoitzari jertse bat ehuntzen. Ez dira jantziak bakarrik, soinean eraman daitezkeen oroitzapenak dira.

Askotan aurkitzen dut neure burua moda aldizkariak orriztatzen edota orduak eta orduak Pinteresten scrolling egiten, inoiz erosi ezin izango ditudan jantziekin amesten. Haurra naizenetik, ordea, zerbait polita ikusi bezain laster, segituan nire amarena jo izan dut, bere hitz ospetsuak entzuteko esperantzarekin: "Hori nik josiko dizut". Esan eta egin. Hurbileko norbaitek egindako arropa janztean pertsona horrek zaintzen eta entzuten zaituela sentitzea da. Etxeko zati bat gainean eramatea da, bertatik urrun egon arren.

Agian ez dira luxuzko denden erakusleihoetan edo aldizkari garrantzitsuetan agertuko, baina modu batera ala bestera, beti itzultzen dira, neguro. Moda batzuk pasatu egiten direlako eta beste batzuk geratu. Eta etxeko eskuek egindako jantziak, nire ustez, beti modan egongo direlako.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide