Sortzaileak sortzen ez duenean

Erabiltzailearen aurpegia Julene Sorarrain 2026ko urtarrilaren 10a

Idazteko makina bat. (pixabay)

Honakoa da Julene Sorarrain kazetariak abenduko Aia-Orio Guka aldizkarian idatzitako Korapiloa ataleko iritzi artikulua.

Nola liteke aukera amaigabeen aroan ideiarik gabe geratzea? Teorian, sormenaren gailurra izan beharko lukeen garai batean bizi gara. Aurreko edozein belaunaldik baino tresna, baliabide eta inspirazio iturri gehiago ditugu eskura, soilik klik bat eginez. Eta, hala ere, inoiz ez zen hain ohikoa izan blokeatuta sentitzea.

Agian gakoa hortxe dago, gehiegikerian, hain zuzen ere. Egunero jasotzen ditugun estimuluek, inspiratzea ez ezik, aurkako efektua ere eragin dezakete. Sare sozialak, ideia iturri zoragarriak izan daitezkeenak, gure barne munduaren erakusleiho ere badira, noski. Kontua da, beste baten sorkuntzak maiz zureak baino distira gehiago egiten duela. Ideia originalagoak dirudite, erakargarriagoak. Talentuzko ozeano horretan nabigatzen dugun bitartean, saihetsezina da besteekiko konparazioa sortzea. Gure prozesuari begiratzen diogu –geldoa, eta askotan, zalantzaz betea–, eta beste batzuek erakusten dituzten emaitza bikainekin alderatzen dugu. Ahaztu egin zaigu, ordea, askotan beste norbaiten une onenarekin alderatzen ari garela gure lana.

Etengabeko konparazio horrek, ordea, prezio bat du. Sormena, bulkada aske batetik bizi beharko litzakeena, nahikoa ez izatearen sentsazioarekin kutsatzen da. Hain zuzen, sortzaile gisa dugun balioa besteen erantzunaren bidez neurtzen hasten gara. Eta momentu horietan, blokeoa perfekzionismoz mozorrotuta agertzen da.

Produktibitatearen presioak ere pisatzen du. Sareek ez dute atsedenik hartzen, eta badirudi sortzaileek ere ezetz. Bestela, desagertu egiten zara. Stephen King idazlearen esaldi bat etortzen zait burura: "Amateurrak eseri eta inspirazioaren zain geratzen dira. Gainontzekook jaiki eta lanera joaten gara, besterik gabe". Idazleak ez du bere sormen prozesua inspirazioak bultzatutako zerbait artistikoa bezala irudikatzen, baizik eta bere laneko ordutegia bezala. Azken finean, bakoitzak bere gainean jartzen duen presio horrek eragiten digu blokeatuta sentitzea. Agian gakoa gauzei buelta gehiegi ez ematea da, eta ordenagailu baten aurrean, orri zuri baten gainean edota argazki kamera baten atzean bazaude ere, inspirazioa barrutik atera dadila. Zure ingurua momentu batez desager dadila, eta agian, une zehatz horretan, bat egingo duzu, aspaldiko partez, galdutzat zenuen sormenarekin.

Sormen blokeoa, beraz, ez da akats pertsonala, baizik eta gure testuinguruaren ondorio bat. Ahazten dugunean sormena ez dela neurtzen, ezta alderatzen ere, une horretan, sortzen dugu. Gakoa, beharbada, barne begirada berreskuratzea da. Dena argitaratzeko asmorik gabe sortzeari uztea, ideia bakoitza eduki bihurtu gabe, obra bakoitza apartekoa izan dadila eskatu gabe.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide