Euskara hori da

Erabiltzailearen aurpegia Jabier Zabaleta 2025ko mar. 14a, 08:00

Honako iritzi artikulua plazaratu du Jabi Zabaleta Orioko Udaleko Euskara teknikariak otsaileko Aia-Orio Guka aldizkarian, Akuilua hartuta iritzi atalean.

Oriotarron komunitateak euskara du ardatz sortu zenetik. Ez dakigu Oria ibaiaren bokalean bizitzen jarri ziren lehen gizon-emakumeek zer hizkuntza hitz egiten zuten; baina gauza segurua da, Orioko herria 1379an ofizialki sortu zenean, euskaldunak zirela lehenengo oriotar haiek, Hiri Gutunean aipatzen diren toki-izen guztiak euskal jatorrikoak dira eta.

Geroztik ere, Orioko jendea guztiz euskalduna izan da beti, euskaldun hutsa. Jakina da 19. mendearen lehen erdian Gipuzkoako populazioaren ehuneko handi bat euskaldun hutsa zela; alegia, ez zekiela beste hizkuntzarik. Orioko egoera zehatzari buruzko daturik ez dugun arren, zalantza gutxi hala zela gure herrian ere: Luis Lucien Bonaparte hizkuntzalariak 1866an argitaratu zuen euskalkien mapa ezagunak, esaterako, herri guztiz euskaldunen artean kokatu zuen Orio.

20. mende hasierako anekdota honek ederki ilustratzen du orduko egoera: 1901ean balea harrapatu zuten bost patroietako bati, Manuel Olaizolari, elkarrizketa egin zioten Ciaboga-n, arraunari buruzko erdarazko aldizkarian, urte hartako irailean Donostiako estropadako bandera irabazi zuelako. Elkarrizketa egitera etorri zitzaion kazetaria galderak egiten hasi eta Manuel isilik zegoen, harik eta kazetaria konturatu zen arte oriotarrak ez zekiela gaztelaniaz. Azkenean, euskaraz egin zion elkarrizketa eta huraxe izan zen urteetan Ciaboga aldizkarian atera zuten euskarazko testu bakarra.

Bistan da gaur egun oso bestelakoa dela egoera: euskaldun hutsik ez dago Orion, eta herriko elebakarrek gaztelaniaz hitz egiten dute. Hala ere, oriotarron komunitateak euskara du ardatz oraindik.

Abenduan gertatu da: teknikariak saio bana egin du eskolan eta ikastolan, LH2ko haurrekin eta gurasoekin; aztertu nahi ditu batzuen eta besteen jarrerak euskararekiko. Une jakin batean, haurrei eskatu die kolore bat esleitzeko erabiltzen edo ezagutzen duten hizkuntza bakoitzari: "Euskararekin hasiko gara. Zer koloretakoa da euskara zuentzat?" Eta haur guztiek batera erantzun dute, zalapartaka eta barrez: "Horia! Euskara horia da!".

Bi eskoletan errepikatu da sekuentzia, eta polita iruditu zait.

Gure LH2ko haurrak jatorri askotakoak dira gaur egun, baina ederki dakite zein den Orioko herriaren kolorea. Areago, kolore horrekin lotzen dute gure identitatea, gure izateko modua. Ez horrekin bakarrik, noski, baina horrekin ere bai. Horia sinbolo bat da berentzat, oriotartasuna aldarrikatu eta harro erakusteko, eta, euskara teknikari honen ikuspegitik, ederra da ikustea, herria aldatu den arren, oriotartasuna euskararekin lotzen dutela oraindik gure bi eskoletako haurrek zalantzarik gabe. "Euskara horia da!" alai oihukatzen dutenean, gure hizkuntzak oriotarron komunitatea osatu eta sendotzeko hartzen duen toki zentrala seinalatzen ari dira, haurrek daukaten punteria zehatzarekin.

Geroa ere gurea da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide