Itziar Oliden: "Segituan pasatzen gara erdarara hizketan, eta hori aldatzeko gogoa daukat"

Erabiltzailearen aurpegia Jabier Zabaleta 2024ko abe. 23a, 09:00

Itziar Oliden. (Jabier Zabaleta)

Abenduko aldizkariko Euskara ataleko elkarrizketa da honakoa.

Itziar Oliden Etxezarretak 65 urte ditu eta Orion jaioa da. Bizitza osoa lanean pasatu ondoren, harategian aurrena eta kirol dendan gero, oraintxe hartu du erretiroa, eta egin duen aurreneko gauzetako bat euskaltegian izena ematea izan da.

Nolatan euskaltegira orain?

Dendako lana oso lotua da, eta, lanean ari nintzela, ez neukan aukerarik euskara ikasteko; baina beti izan dut gogoa. Ni txikitako euskalduna naiz, eta ez daukat arazorik euskaran hitz egiteko, baina faltan bilatzen nuen idazten jakitea. Laguntzaile onak izan ditut inguruan, eta haiei esker moldatu izan naiz, dendako kartelak-eta euskaraz jartzeko, baina baneukan neronek ere pixka bat ikasteko harra barruan, eta nire buruari esan nion: "Oraintxe daukan aukera!". Erretiroa hartu baino hamabost egun lehenago eman nuen izena euskaltegian.

Motibazioa, hortaz, idazten ikastea izan da?

Batez ere hori, bai... eta irakurtzea ere bai! Nik, urteetan, euskaraz irakurri dudan bakarra Karkara aldizkaria izan da, eta, orain, berriz, euskaltegian, beste gauza batzuk ere irakurtzen hasi gara eta, tira, ari gara hobetzen horretan ere. Hilabete eta erdi bakarrik daramat euskaltegian, baina igarri diot aldea dagoeneko.

Bestalde, zer esango dizut? Guk joera handia izan dugu gure artean erdaraz ere egiteko, ahizpa eta koinatekin-eta: elkarrizketa euskaraz hasi eta segituan erdarara pasatu eta gero ostera euskarara itzuli... Horrela ibiltzen gara askotan. Kontu serioak hitz egin behar baditugu, iruditzen zaigu erdaraz egin behar dugula; eta hori aldatzeko gogoa ere badaukat. Senarra, berriz, familia erdaldunekoa da, baina euskalduna. Itsasoan ikasi zuen euskaraz. Lehen, kanpotik etortzen zen jendeak, itsasora eta, euskara ikasten zuen; orain, kontrakoa egiten dugu: gu jartzen gara segituan raka-raka gaztelaniaz.

Zer moduzko esperientzia izaten ari da euskaltegikoa?

Izugarri ona. Oso talde polita daukagu, eta gustura etortzen naiz. B2 taldean hasi naiz, eta nahastuta gaude ni bezalako euskaldun zaharrak eta euskara ikasten zerotik hasitakoak. Nahasketa polita da, elkarrengandik ikasten dugu eta: ariketa idatziak egiten ditugunean, pasara ematen digute, oso ohituta daude-eta lan horretara; baina, bestetik, berei ondo etortzen zaie guk erabiltzen dugun herriko euskara entzutea eta horretan trebatzea. Oso aberatsa da denontzat, eta ondo pasatzen dugu: gaur bertan gailetak eraman ditut, eta haien bueltan egin dugu elkarrizketa-saioa.

Norbait zalantzan badabil, euskaltegira etorri ala ez, animatzeko esango nioke. Oso esperientzia gustagarria izaten ari da niretzat, eta beti da ona gauzak ikastea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide