Aitzol Carrera San Sebastianek 18 urte ditu eta Orion jaioa da. Oteitza lizeo politeknikoan Batxilergoa egin ondoren, Elgoibarren ari da orain Goi Mailako ziklo bat egiten haur hezkuntzan. Aurten ibili da lehenengo aldiz euskaltegian, C1 titulua prestatzeko ikastaroa egiten.
Zergatik erabaki zenuen euskaltegian izena ematea?
Uste dut garrantzitsua dela C1 maila (lehen EGA zena) ateratzea Euskal Herrian lan egiteko. Gero eta toki gehiagotan eskatzen dute, eta oso ondo iruditzen zait. Nire helburua hemen geratzea denez, pausoa eman nuen eta euskaltegian apuntatu nintzen, iruditzen zitzaidalako, gainera, euskaltegiaren laguntza beharko nuela azterketa ondo presatzeko.
Oteitzan prestakuntza ematen ziguten azterketa egiteko eta saiatu nintzen ateratzen deialdi librean, baina ez nuen lortu: idatzia gainditu nuen, baina ahozkoa ez. Orain, berriz, Goi Mailako zikloan, euskara maila ona eskatzen digute, eta asko idatzi behar dugu. Beraz, euskara lantzeko beharra ikusi nuen, eta horregatik apuntatu nintzen euskaltegian.
Autoikaskuntzan ibili zara, ala talde batean?
Talde batean ibili naiz. Astean bi egunetan, bina ordu. Gustura ibili naiz, baina aitortu behar dut batzuetan gogorra egin zaidala: astero idazlan bat egin behar da, eta kosta egiten da. Baina, tira, beharrezkoa da, hortik ikasten da-eta gehiena, idazten egiten ditugun akatsetatik. Hala ere, boladetan ez zen erraza: etxean goxo egon eta, euritan igual, euskaltegira joatea idazlanak egitera...
Bestela, oso gustura ibili naiz. Talde gaztea tokatu zait: ikasle asko adin bueltakoak nituen, eta giro ona izan dugu. Gazteoi alferkeria handia ematen digu idazteak eta irakurtzeak, baina, konpromisoa hartu eta lanean konstantea bazara, etekina ateratzen diozu, eta uste dut asko ikasi dugula.
Eta... atera al duzu titulua?
Ez. Kale egin dut; oraingo honetan, idazlanean. Egun txarra izan nuen, eta ez nintzen erosi sentitu. Urduri egon nintzen. Bigarren aldia zen, baina lehenbizikoan bezain nerbioso nengoen.
Hala ere, ez dut etsiko eta segituko dut prestatzen hurrengoan gainditzeko.
Zuk txikitatik egin duzu euskaraz: etxean, kalean, ikastetxean...
Bai. Bizitza guztian euskaraz egin dut etxekoekin eta lagunekin. Gaztelaniaz baino hobeto moldatzen naiz euskaraz, baina, hala ere, azterketa gainditu gabe etorri nintzen etxera. Gure kuadrillako lagunak ere antzeko dabiltza, titulua ateratzeko zailtasunekin. Kuadrillako batzuek Donostian ikasten dute eta haiek hala esaten dute: hango ikasle batzuek ez dute ia euskaraz egiten eta, hala ere, galdetu eta askok badaukate C1 titulua. Eta gu, berriz, beti euskaraz ari gara, eta titulua atera ezinik gabiltza.