Paperekoa

No entiendo

Erabiltzailearen aurpegia Jabier Zabaleta 2022ko aza. 9a, 13:07

Jabier Zabaleta Orioko Udaleko euskara teknikariak azaroko KARKARA aldizkariko Euskara atalerako idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Gogoan dut, KARKARA aldizkaria sortu genuenean, tarteka etortzen zitzaigula bakarren bat kexatzera dena euskaraz zelako: "Es que yo no entiendo" esaten zigun haserre, pisuzko argumentu bat ematen ari zelakoan. Orduan nintzen gazte lotsagabeak "¡Pues aprende!" erantzuten zion, lasai arraio. Esan beharrik ez dago guk gurean segitu genuela, protestalari bakan haiei kasu handirik egin gabe, eta gaur egun inori ez zaio iruditzen Karkara euskara hutsez izan behar ez duenik.

Hogeita hamar urte geroago, hala ere, noentiendotar gutxi batzuek segitzen dute aldiro beren inorantziaren arrazoia erabiltzen besteok euskaraz egin ez dezagun eskatzeko —zehaztasun terminologiko bat, pertinentea: noentiendotarra eta erdalduna ez dira, jakina, sinonimoak; jarrera jakin bat duena da noentiendotarra eta ez, besterik gabe, euskaraz ez dakiena—. Noentiendotarra ozen kexatuko da, esaterako, ekitaldi baten kartela euskaraz dagoelako, edo herritarrek bileratan eta whatsapp-taldetan euskaraz egiten dutelako edo plazako pantaila digitaleko informazioa euskaraz dagoelako…

Zabaltzen ari den jarrera orokor baten erakusgarri da, zoritxarrez. Jende askok lelo hauxe darabil, harro-tonto, bere mundualdia nabigatzeko: "Nik arazo bat daukat; zuk konpondu behar didazu".

Ume txikien kasketa da. Noentiendotarrak zilegi du, jakina, euskararik ez jakitea —norberak markatzen ditu bere lehentasunak, eta hala izan bedi gero ere—, baina ez du eskubiderik bere ezjakintasunagatik besteoi euskaraz egiteko aukera mugatzeko.

Izan ere, oriotarrok euskaraz bizi nahi dugu eta horrela erakusten dugu aukera dugun guztietan: Euskaraldian masiboki parte hartuz, Korrikan kaleak betez, gure haurrak euskaraz eskolatuz, tokiko prentsa euskalduna babestuz, ordezkari politiko euskaltzaleak aukeratuz… Horri esker, aurrerapauso handiak eman ditugu azken hogeita hamar urteotan eta ez gaude atzera egiteko. Areago, «salto bat aurrera» egin beharra planteatzen du herritar askorekin batera landu eta aurtengo martxoan udalak aho batez onartutako Euskara Planak.

Aurrera-salto hori egiten badugu —eta egingo dugu, bultzada badago-eta—, biharko Orio gaurkoa baino euskaldunago izango da eta herritar guztiek jakingo dute euskaraz, beste hizkuntza batzuez gain. Oriotar askok aspaldian eman genuen pausoa, eta txukun egiten dugu euskaraz eta gaztelaniaz behintzat. Guk egina dugu gure bide-puska. Ondorioz, Orion gaztelaniaz bizitzea erabaki dutenek arazorik ez dute gurekin hitz egiteko, dena ulertzen diegu-eta. Nik euskaraz egiten badut, ordea, batzuek "No entiendo" esan eta haienera behartu nahi naute oraindik, azken hogeita hamar urteak alferrik pasatu balira bezala. Garaia dute herriko noentiendotarrek ere espabilatzeko eta elkarbizitza linguistikoaren alde beren aletxoa gehitzeko, elebidun bihurtuz gu bezala.

Gazte lotsagabe hark arrazoi, azkenean: "¡Pues aprende!".

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide