Karkarak 30 urte beteko ditu sanpedrotan, eta hemen segitzen dugu Orioko eta Aiako kontuak idatziz kontatzen. Lagun batek esan zidan hasiera hartan: Orio txiki honek ez dik ematen aldizkari bat betetzeko. Baina ematen du bai,ematen duenez! Albiste batzuk topatu egiten ditugu, beste batzuk bilatu.
Lehengoan, dentistaren itxaron-gelan nintzela, kirol-aldizkari bat ireki eta erreportaje bat topatu nuen: Imanol eta beste sei. Aurten lehen mailako futbol ligan izango diren zazpi euskal entrenatzaileei ari zen: errealeko Imanol oriotarra, bi Garitano, Arrasate, Mendilibar, Valverde eta Lopetegi. Euskal futbolak duen maila ona erakutsi nahi zuen. Dentistarenetik aterata, Ibon Gaztañazpi kirol-kazetariarekin topo egin nuen; zazpi entrenatzaile euskaldunena azaldu nion. Ibonek, trukean, anekdota hau kontatu zidan: "Hondarribia eta Irun hartzen dituen Txingudi badiako hiru kirol talde ezagunenek oriotarra dute buru: Hondarribiko arraun taldeak Mikel Orbañanos, entrenatzaile; Irunen,
eskubaloiko Bidasoak Jon Azkue, kapitain; eta futboleko Real Unionek, Josu Esnaola. Orioko kirolarien mailaren erakusgarri polita da". Euskal futbola ez ezik, Orioko kirola
ere aparretan dabil. Oraintxe hasi berria den traineru denboraldian, nesken taldea denboraldi historiko baten atarian dago; mutilen koadrila, berriz, ezin zen hobeto hasi: bitik bi bandera.
Euskal Herria bezalako munduko nazio txikietan, gauza inportanteetan galtzen ohitutako herrietan, porroten zauriak goxatzeko, kirol-garaipenak goraipatzen ditugu askok. Joera naturala da errealitatearen alderik goxoenari begiratzea, albiste onak modu baltsamikoan erabiltzea; eta kirolaren indarrari erreparatzen diote: "Zerbaitetan behintzat irabazten dugu".
Garaipenak oroitzen hasita, adin bateko euskaldun asko gara XX. mendeko 80ko hamarkadari begiratzen diogunak. Batzuek errealak eta Athleticek bien artean lau urtez segidan irabazitako ligak aipatuko dituzte –1981etik 84ra–. Badira Euskadi Irratiaren sorrera aipatuko dutenak ere, edo Euskal Telebistarena, biak 1982an sortuak, euskaldunoi informazioa euskaraz emateko. Hamarkada emankor hartan sortu zen KARKARA ere, 1989an. Holako herri txikian euskarazko aldizkari bat sortu eta 30 urtez bizirik irautea ere garaipentzat hartubeharko dugu, ba, ezta?
Urte haiek ezagutu genituenok oroi-minez gogoratzen ditugu. Franco hil eta, diktadura bukatuta, gauza berri asko etorri zitzaizkigun, baita orduan izugarrizko ilusioa sortzen ziguten hauteskundeak ere, orain batzuetan horrenbeste amorratzen gaituztenak. Hasiera-urteak ziren alor askotan, eta gauza asko oso modu prekarioan
egiten ziren –genituen–. Sanferminetan jubilatzekoa den Txapas kirol kazetari azpeitiar ezagunak kontatua da ondorengo anekdota: "1987an Getaria Donostia estropada uretatik eman genuen zuzenean. Horretarako, Euskadi Irratiak uretako motora bat alokatu zuen Getarian. Ontzian, nirekin batera, arrauneko bi aditu nituen: Lujanbio sanjuandarra eta Juanito Altxerri oriotarra. Altxerrik sartu orduko esan zidan: `Hau al da motora? Honek ez ziek segituko traineruei!´. Hark arrazoi: estropada abiatu orduko,
hasi zen ontzia atzean gelditzen, traineruak gero eta urrutiago. Ikusi ere egiten ez nituela eman nuen estropada irratiz, asmatuz. Bukatu zenean, Donostiako moilan
lehorreratuta, Euskadi Irrati-ko zuzendaria urreratu zitzaidan, Jose Mari Otermin. Ni, beldurrez, kristoren errieta egingo zidalakoan; eta Oterminek: ´oso emanaldi
ona egin duzue".
Gauzak horrela ziren garai hartan. Nik, uretakoan ez, lehorreko moto batean eramaten nituen –Vespan–Karkarako albisteak, artikuluak eta argazkiak, paperean, Donostian Argia aldizkariak. Tabakalera ondoan zuen inprentara, han aldizkaria argitaratzeko. Horrela hasi ginen neska- mutil gazte batzuk: bitarteko gutxi baina ilusio handiarekin. 30 urte geroago, Interneten garaian, hemen segitzen dugu, gauza inportanteenak aldatu gabe.