Urak dakarrena, urak daroa

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Urkizu 2024ko abe. 10a, 11:00

Benito Lertxundi, gaztetan.

Benito Lertxundi osaba du Imanol Urkizu panderojoleak, eta hari buruzko honako iritzia osatu du, Gukak eskatuta.

1942ko urtarrilaren 6an, "erregeek opari ederra ekarri dute uskundarren etxean! Patxi eta Frantsiskaren etxean ume bat! hoyek aberatsak izango dira". Piliku inguruan ez zen beste konturik entzuten.

Oroitzapenei begira jarri eta ibilgailu txiki bat datorkit gogora, Seat 600 hura, atzeko eserlekuan eserita gitarra jotzen eta kantuak sortzen Benito.

Ez dok hamairuren garaian familiarekin mendiz nola joan ginen Aginagako eliza zaharrera kantaldi bat entzutera, sakristiara sartu osabari kasu egiteko asmoarekin, eta bertan Xabier Lete, Lurdes Iriondo, Mikel Laboa eta osaba.

Ni oso gazte izanik, ez nekien oraindik zer garrantzia izango zuten abeslari haiek; guztiz lotsatuta, nora hurbilduko eta Benitorengana, osaba Benitongana.

Oroitzen naiz, 11-12 urterekin, gitarrako lehen akordeak ikasi nituela aitarekin –LaM-ReM eta MiM–. Afalaurretik, askotan Benito etxera etortzen zitzaigun bisitan, eta gau batean, hizketan ari ginela, aitak esaten dit: "Imanol, osabari kantayok gitarrarekin ikasitako abestia!". Sukaldean zegoen josteko makinaren gainean jarri, gitarra esku artean hartu, eta urduritasunez dardarka jarri eta hasi nintzen kantari, eguzkien argia, leihopetik sartzean...

Aurrekoari jarraituz, nola ahaztu, neguan, urtero bi edo hiru aldiz Olluaneko sukaldean Benitorekin egiten genituen talo janak. Mahaian eseri eta, katiluka esnerekin, bospasei talo jan eta gero joaten zen etxera Benito.

60 urte kantagintzan, 60 urte Euskal Herriko zazpi probintzietako kultura zabaltzen: Iparraldeko abesti, idazle eta hizkuntza ekarri dituzu plazara; Nafarroako lurraldeak, Baldorba, Orbaizeta, Orreaga, Herri Behera; bizkaitarren ereserki bihurtu den Bizkaia maite; oriotarrentzat esanahi handia duten Oria ibaia, Balearen bertsoak, Mirotzak...

Bazekiten bai Pillikun familia aberatsa zinetela. Eskertzekoa da zure aberastasuna herriarekin partekatu izana. Eskerrik asko nire eskuetan lehen aldiz panderoa hartzeko aukera eman zenidalako, hizketaldi luzeak laburrak egin zaizkidan uneak bihurtu zenituelako, momentu gogorretan zure besarkada beroak babesa eman zidatelako.

Mila esker Benito Lertxundi, mila esker osaba Benito.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide