Tabernariekin asaldatuta

Azken hilabetean batean eta bestean kexa ugari irakurri, entzun edota ikusi ditugu tabernariek dituzten prezioen inguruan. Goazen adibide batzuk jartzera.

Merkatu librearen gizartean bizi gara. Taberna bakoitzak bere prezioak jartzeko eskubidea du, eta, ondorioz, bezeroek aukera dute bertara itzultzeko ala gehiago ez joateko.

Zerbait hartu aurretik ez daukagu ohiturarik produktuaren/zerbitzuaren prezioa galdetzeko eta gero sorpresak izaten dira.

Gauzak horrela, argazkian dituzue uda honetako zenbait adibide. Batzuk kafearen itzotza kobratzen dute, besteek haragia gehiago egitea… Eta horrela ez dakit zenbat gauza gehiago. Batzuetan gehiegikeriak izan daitezke, beste batzuetan ez. Ikuspuntuaren araberakoa da hori.

Baina niri kontu guzti honetan zerak eman dit atentzioa. Euskal Herriko eta Herrialde Katalanetako hainbat jatetxe eta tabernetako ordainagiriak direla gehienak eta guztietan hizkuntza eskubideak urratzen direla. FACUAkoek eta erabiltzaile gehienek prezioari baino ez diote begiratu. Baina zein hizkuntzatan ematen digute kontua? Gaztelera hutsean. Oraindik ere gutxi dira zerbitzu guztia euskaraz emateko gai direnak, edo, gutxienean, bitara.

Hala, berriz ere hizkuntza bigarren plano batean geratu da. Taberna bat edo bestea aukeratzerakoan geratzen den bezalaxe.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide