Larunbata, goizeko 12:00ak. Zarauzko La Sallen goizeko bigarren partida jokoan. Lehendabizikoa ongi joan zen, gorabehera gehiegi gabe. Bakoitza bere tokian ongi. Partidaren ohiko gorabeheretatik aparteko ezer ere ez.
Bigarren partidan talde bat 7 jokalarirekin azaldu zen partidara –8ko talde batean hori baimentzen da. Talde hain motzak onartu ala ez, beste batean eztabaidatu daiteke–. Saskibaloian 5 jokalari aritzen dira jokoan infantiletatik aurrera, baina arau batzuk tarteko, gutxienez 8 behar izaten dira dena ongi betetzeko. Kasu honetan, bat gutxiagorekin ere jokatu zezaketen.
Lehen bi laurdenetan ezer arrarorik ez. Kanpoko taldea, 7 jokalari zituena, koxka bat gorago zegoen joko mailan eta partida irabazten ari ziren, nahikoa erraz gainera. Ezustekoa bigarren zatian etorri zen, 30 puntuz irabazten ari zirela, zonakako defentsa jarri zuten.
Saskibaloiaz gehiegi ez dakizuenontzat, futboleko terminologian catenaccio edota atzean sartuta defendatzeari esaten zaio horri. Jokalari bakoitzak bat defendatzen du normalean kategoria horietan. Nahikoa lan izaten du bakoitzak zein defendatzen duen jakitearekin eta bat baten kontrako egoerak ongi kudeatzearekin adin horietan.
Aurkariek erabaki hori hartu eta etxeko taldea erasoan zer egin ez zekiela geratu zen. Normala. Maila horietan hurruneko jaurtiketak egiteko ohiturarik ez da egoten, eta barneraketak egiteko ez da zirrikiturik egoten. Berriz ere futbolera joaz… gogoratzen Champions Leaguen Bartzelonak Mourinhoren Chelsearen aurka jokatu behar izan zituen partida haiek? Jokalari guztiak beren area inguruan jarri eta Bartzelonakoak baloia alde batera eta bestera mugituz erasotu ezinda.
Zer lortu zuen horrekin saskibaloi partida honetako entrenatzaileak? Bada hiru gauza. Batetik, bere jokalariak defentsan erosoago, gutxiago nekatuz egotea. Bestetik, aurkariek baloiak oparitzea. Erasotzen zaila egiten zaien defentsa batekin opari asko egitea ohikoa da infantiletan. Eta, bukatzeko, 30 puntuko abantaila aisa handitu eta hirugarren laurdenaren erdirako partidako emaitza ixtea –kategoria hauetan 50 puntuz edo gehiagoz irabazten ari denean talde bat, markagailua bere horretan uzten da–.
Nik auzolotsa sentitu nuen hori ikustean. Irabaztea zilegi da. Markagailuak ixtea ere zilegi da. Baina ez halako taktikak erabilita. Izan ere, aurkariek oraindik ez zekiten defendatzen, ez zekiten ongi erasotzen eta irabazteko gaitasun bera izango zuten beste era bateko estrategiak erabilita. Ume horiek garaipen bat baino ez zuten eraman beren etxera. Ez zuten saskibaloi maila hobetu. Eta, ziurrenik, etorkizunean ere ez dute hobetuko bide horretatik jarraitzen badu beren entrenatzaileak.
Asteburuan Orioko eta Aiako 10-11 urteko umeak hasiko dira lehian. Beren entrenatzaileek espero dut ez dutela bide hori hautatuko partidak irabazteko. Adin horietan irabazteak edo galtzeak baino saskibaloian jokatzen ikasteak baitu garrantzi gehien.
Eta saskibaloian diodanean, futbolean, arraunean, pilotan edota beste edozein kiroletan esaten ari naiz. Gazteleraz egon arren, artikulu hau irakurtzea gomendatzen dizuet partidak aisa irabazten dituzuen entrenatzaileoi. Askorako balio duela iruditzen zait.
Irabazi bai, baina ez edozein modutara. Niri duela 10 urte eman zidaten belarrondokoa.