Ama, zuretzat ditut liliak;
zuri pentsatuz hautatu ditut xuriak.
Bertze hok aldiz kolores gorri biziak,
zuretzat dutan maitasuna iduriak.
Ama guziek hartze duten ohorea
seinalizatzeko; begiztatu dut lorea.
Loretan ere haizu da nori berea
iduritzea bertzena baino hobea.
Gau eta egun hitz hok gogoan dabiltzat:
O, Jainkoa zion ona izan den enetzat!
Aitari ere esker beroak diozkat,
enetako zu hautaturikan amatzat.
Ama, zu zira ene aberastasuna
ene naigaben ezeztatzen dakizuna;
botere hori zuk bakarrik dauzkazuna,
nehorek ezin ordainduzko ontasuna.
Musu emanik utzia bezper'atsean;
ni atzartzean; zu ez bazira etxean,
tristura latz bat senditzen dut bihotzean;
gau eta egun nahi zaitut sahetsean.
Ez nuke nahi nik zure begitartea
nehoiz ikusi dena nigarrez betea.
Nik ez baitakit, errazu; ama maitea;
ni nolakoa nahi duzun izaitea.
Ene izarra zaren ama amultsua,
beira nitarik esker gabeen kutsua
bizi guzian gaurkoa bezain kartsua
izan dadien gure arteko musua.
"Hotzak badago edo badago goseak,
gauaz dola men egiten badu haizeak
nortan goxatzen ote ditu oinazeak
bere amarik ez duen dohakabeak?"