Naparroari

Erabiltzailearen aurpegia Gure Txokoa 2008ko api. 9a, 10:37

Xalbadorrek jarriak

Goizean jeiki ohetik eta non nagon eginik galde;
diot: <<Aurrean Baztan daukazu, gibelean Erroalde;
ezkerrerat Eugi herria; eskuin alderat Luzaide;
zure guziak Naparroaren hegalen azpian daude.>>

Ene amatxi zendu maitea Auritzberri'ko izanik,
napartarraren odol kartsua zainetan senditzen dut nik;
eta artzaintzan Sorogain mendi zoragarritzat iganik,
norbaitek <<Atzar hadi!>> diola entzuten dut urrundanik.

Ene sortzeko agerietan ni naiz baxenabartarra,
titulu horrek lehen hitzean galtzen du bere indarra;
ni beheretar zendako deitu; nerez banaiz orotarra?
Goi ta beherik ez da enetzat Naparro bat da bakarra.

Bere zainetan sendi duena hastapeneko odola;
eman dioten izen mendreaz nekez ditaike kontsola;
ezin onartuz bizi naiz beti murrizturikan dagola;
bere itzala Baiona'raino hedatzen zuen arbola.

Bainan enetzat; o Naparroa, ez da ezin igarria
izena nola gorde duzun zuk eta guk hartu berria:
enbor sendoan sartu baitzuten aizkora beldurgarria,
zure laurki bat bertzerik ez da ni bizi naizen herria.

Betitikako arrain haundien lege okaztagarriak
gaitu napartar anai arrebak bi taldean ezarriak;
hitzez ta harriz ezin hautsiak dira gure lokarriak,
bainan ele huts dira tratuak; itxura hutz zedarriak.

Bi aldetarik nagusi bana jarriz geroz Naparroan;
ez dakit gure etorkizuna zoin ateri buruz doan;
ez eta ere gaur zer hainetan zauden zu euskaldungoan;
bat gineneko egun ederrak ditut bakarrik gogoan.

O Naparroa; banatorkizu otoizko fagore galdez:
urrikal zaite ukatu nahi zaitusten seme alabez;
bertze koroka batek estaltzen bagaitu ere hegalez;
Baxenabarrak Ama zaitu; guk nai izan ala ez.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide