Zenbaitetan, arrazoi jakinik gabe, egunak berezi bihurtzen dira. Besteetan, ospakizunek, agurrek, ongietorriek… egiten dituzte berezi. Eta egun horietan, janzkerak beste pisu bat hartzen du, oharkabean bada ere.
Halaber, sarritan galdetzen diot nire buruari zer ote den benetan sentitu nahi duguna halakoetan janzkera aukeratzerakoan. Eder egotea? Ingurukoekin bat etortzea? Edo agian, geure burua beste modu batean ezagutaraztea?
Bestalde, gurean azken hamarkadetan garrantzi berezia eman izan zaio janzkerari. Hori horrela, jantzi tradizionalak ere ez dira apaingarri hutsak izan; nortasunaren, lurrarekiko loturaren eta komunitatearen parte izateko modu bat baizik. Hala janzten garen egunetan ez dugu kanpora begira soilik egiten, barrutik datorkigun zerbait ere bai baita.
Gaur egun, ordea, sarri kanpoko begiradaren menpe janzten gara. Perfekzioaren bila edo, askotan, geure izatetik urrunduz. Baina horrek bide motza du. Egun soil zein berezi, gorputzak zein arimak badakite nolakoa den norberaren benetako izaera. Eta niretzat behintzat horretan oinarrituta janztean datza koherentziak. Esaterako, nire burua adibidetzat hartuta, pertsona kamaleoniko edo aldabera naizela esan dezaket, egoera, eguraldi, ekitaldi, zein nire zikloko egunaren arabera, nire izateak janzkera ezberdina erabiltzera eramaten nau.
Beraz, jantzi batek ez luke inoiz pertsona ezkutatu edo estali beharko, bere izate eta bertuteak agerian utzi baizik. Norbere indarra, edertasuna, bere istorioa… Batzuetan, hitzek egiten ez dutena jantziek egiten baitute. Idazketan bezala, soberan dagoena kentzea izaten da zailena. Eta ederrena.
Hori horrela, niri, idaztean bezala janztean ere, beti gustatu izan zait esan baino gehiago, iradokitzea. Horregatik, agian, egun berezietarako janztea ez dut inoiz itxura kontu hutsa bezala ulertu. Geure buruarekin topo egiteko modu gisa baizik.
Ondorioz, argi dago egun itxurak izugarrizko garrantzia duela guztiongan, baina itxurakeriarik gabe.