Gauza gehiegi izaten da urte sasoi honetan. Gustuko ekintza, ekitaldi ugari aldi berean edo modu kontzentratuan. Ezer galdu nahi ez duenaren sindromea baduzue, sufritzeko garaia.
Kukuarriko Eguna eta garagardo feria Orion, Idi Eguna Aian, Literaturia Zarautzen. Dena da eskaintza eta kontraeskaintza. Gainera, eguraldiak hobera egin duen honetan, betiko tentazioak ere hortxe dira zain. Hondartzako bainua, bizikleta buelta koskorra, piragua irteera.
Konklabearen inpaktu mediatikoagatik edo, azkenean eliza gailendu zait nire aukeretan. Ermitatik ermitara ibili naiz igande betean. Igandea izanagatik, inongo mezarik aditu gabe lortu dut hori egitea. Bestelakoetarako irabazten hasiak baikara urteetan tradizioari eta moralari lotutako harriak. Hasi da errekonkista.
Eguna Santa Klara komentuko elizan hasi dut. Arantxa Urretabizkaia idazle eta kazetaria solasean Garbiñe Ubedaren galdera zorrotz bezain goxoei artez erantzunez. Komentua mojaz betea egon da orain gutxira arte. Miragarria, beraz, horrenbeste emakume mundutik aldendu zituzten murruen barruan tradiziotik ihes egiteaz jardun dutela ikustea. Begirada miopea izateaz, jendearen begiratu itsusietatik aldentzeko. Borobiltzeko, Olaia Inziarte izan dute lagun, bere ahotsaz eta doinuez berriketaldia goxatuz. Esandakoetatik abiatuta iritzi artikulu osoa bete nezake, baina aipu ederrena besterik ez dut azpimarratuko. Bizi balore garrantzitsuenetako bat omen da alaitasuna Arantxarentzat. Horretan nago ni ere.
Konplikatu aurpegiarekin bazterretan ibiltzea moda-modan dago. Interesantearena egiteko musto aurpegia jarri beharra dagoela dirudi. Gure kuadrillako batek aspaldi esan zuen moduan: barne bizitza handiagoa dutela pentsatzen al dute hauek! Tira, horrelakoak hobe urruti. Jende alaiaz inguratua bizitzeak bizilegea beharko luke. Eta inguruko jendea alaitzeko gaitasuna garatzeak, bizi helburu.
Eguna San Martingo ermitan amaitu dut. Rioja Filarmoniaren kontzertua: hiru musikariz osaturiko taldea, Alba Carretero herriko biolin jotzailea, tartean. Biolontxeloan eta klabizenbaloan beste taldekide biak. Ezin imajina hiru instrumentuentzat, kontzertuarentzat, leku egokiagorik gure herrian. Musika barrokoak hartu ditu paretak. Musika barrokoak hartu gaitu bertaratutakoak. Martxa baten lehen notak bihurtu dira azkenak igande honetan. Ez ote dira aurtengo azken kantak izango bertan.
Kulturak leundu ditu harriak eta murruak. Iheserako eta gozamenerako leku bihurtu. Horrelako gehiago baleude.