Badira urteak sagardotegi batetara joan ginela lagun kuadrilla handi bat. Bertakoak zegokigun mahaira eraman gintuen. Sagardotegiak bi jangela nagusi zituen, bakoitza punta batean. Haiek biak lotzen zituen pasillo luze bat zegoen tartean. Eta pasilloaren erdian, perpendikularki ateratzen zen beso moduko bat. Hantxe zegoen gure mahaia, hamabost bat lagunentzako txokoa. Nire aurretik lagun bat nuen eta mahaira iritsi berritan halaxe esan zidan tristuraz: "Aparte jarri gaituzte". Segundo erdira etorri zen bigarrengo laguna. Txokoa ikustean eta aurrekoaren esaldia entzun gabe zera esan zuen, alai eta pozik: "Erreserbatuan tokatu zaigu!". Askotan, gehiegitan errepikatzen dut pasartea. Baina adibide ezin politagoa iruditzen zait gauza berdinaren aurrean kontrako jarrerak izaten ditugula erakusteko. Gauza txikienaren aurrean ere, bakoitza berean.
Bada esaera bat izugarri gustuko dudana. Ezer ez, eta festa.
Irakurketa asko izan ditzake. Aurreko pasartearen modura, aldartearen araberakoa. Ezer egin ez eta festa batean bizitzea da esanahietako bat. Arlotea izatea, alferra. Egin beharreko hori egin ez eta egin behar ez dena egitea. Ez nadin sartu saltsa filosofikoetan. Sinplifikatzearren, gizartearen gehiengoarentzat eginbeharra denaz ari naiz.
Bigarren esanahia dut nik gustukoen, halere. Ezer gertatu ez, ezer berezirik ospatzeko ez eta, hala ere, dibertsioa bilatzeko gaitasuna izatea. Aitzakiarik txikienetik ere festa sortzea. Gauza ñimiñoez gozatzeko trebetasuna izatea. Eta zabaltzea. Gauza txikiak aukeratu eta festara jendea biltzea. Maite ditut hori egiteko gai diren pertsonak. Are maiteago hori egin eta besteak berdina egitera bultzatzen dituztenak.
Ume ginela, Donostiara enkargutan joaten zen aldiro bueltan txikikeriaren bat ekartzen zigun gure amak. Berak italiar izozki-dendan kaputxino bat hartzea zuen gustuko. Guri gozoki bat, edo ogi barra bereziren bat ekartzen zigun. Bera hiriburura joatea denontzat festa bihurtzen zuen horrela.
Onetsine gure lagunak Nurenbergetik bisitan etortzen den aldi bakoitza bihurtzen du jairako aitzakia. Hilabeteetan ia elkar ikusi ez eta bera Orion dagoen egunetan biltzen gaitu kuadrilla, behin eta berriz. Kola efektua duen pertsona horietakoa da.
Akorduan dut egunero autobusa hartzen nuen sasoian bazela gidari bat zeharo irribarretsua. Barrura sartzen ginen bidaiari bakoitzari egun on kantari bat eskaintzen ziguna. Irribarre erabat zintzoa zuen, eserlekuetako giro goiztiarra samurtzerainokoa.
Hori buruan, udaberri sasoi honetarako egunero ospakizun txiki bat bilatzea hartu dut helburu. Ospakizunen bat ez dudanerako beti izango dut erreserbako bat: egunero irabazten joango garen 3 eguzki minutuak. Hasieran esan moduan, hobe erreserbatuan, aparte baino.