Lagun donostiar batek kontatu zidan orain 15-20 urte. Oporretan zela, enkantu handiko herri txiki bat gurutzatu omen zuen eta guztiz harritu omen zuen aurretik zuen kotxea bide erdian gelditu zenean. Zertarako eta espaloian zegoen beste herritar batekin berriketan jarduteko. Minutu dezente eduki omen zuen geldirik. Donostian imajina ezin zitekeena, bukolikoa, xarmagarria iruditu zitzaion. Nik nire onerako zera pentsatu nuen, motel! Orion hori hamar bat aldiz gertatzen da egunean.
Bartzelonan ikasten nuen garaian, handik bueltatzean herrira sartzerako eskuko frenoa jartzen nuen. Kalean dabilenaren tempora lotzen baikara, nahi gabe. Hirian jendea Allegro prestissimo zebilen, oriotarrak aldiz Andante moderato martxakoak izan. Goiz buelta bat nahikoa izaten nuen pausoa mantsotzeko.
Baina 15-20 urte, urte asko dira eta gure herriak izan du aldaketarik tarte honetan. Pentsa, garaiotan, 5.000 biztanletik gorakoen segurtasun neurriak tokatzen zaizkigu. Lasaitasun hura galdu al dugu? Lasaitasun hura galdua genuen aspaldi.
Orain gutxi arte superheroi sentsazioarekin bizi ginela iruditzen zait. Kapa jantzi ez baina batetik bestera beti hegan. Dena egin nahi, dena egin behar. Presaka nabil! esan eta agur egiten genion elkarri. Mafaldaren bineta bat etortzen zitzaidan behin eta berriz burura. Bertan, aita eta ama ageri dira etxearen alde batetik bestera korrika eta maletak eskuetan. Etxe atarian Mafaldak bere lagun Manolitori esplikatzen dio: oporren azken prestaketak dira,… hartzen ditugun oporren azken prestaketetatik atseden hartzeko hartzen ditugun oporrak.
Hala ere, errezeloa dut azken hilabeteotan beste patxada bat dugula. Gabonen osteko asterik latzenetan kuadrillako bat topatu nuen bidegurutze batean. Ni bizikletaz nintzen, bera kotxez. Ilun ziren kaleak. Elkar ikusi, frenoak zapaldu eta hogei bat minutuz izan ginen berriketan. Lasaitasun ederrean. Zer plan hobea ostiral iluntze batetarako. Ordudanik konturatu naiz inguruko askok natura-natural egiten duela ariketa berdina. Familiakoren bat edo lagunen bat topatu eta eskua frenora. Hitz aspertuan hasten gara, ezer hoberik, ezer beharrezkoagorik ez baitugu egiteko.
Argi dago, denok ibiltari bihurtu garen honetan, Andante tempoa errekuperatu dugu. Azken asteetan, ahopeka eta erdi-lotsaturik, inguruko dezentek esan dit herria ixteak mejora galanta ekarri diela. Ate irekien garaietan malekoian zaila izan zen inor ezagunik topatzea. Gure jolas berria zapuztu ziguten: ibili, laguna topatu, frenoa bota, bost minutuko hizketaldia, aurrera. Asteburutik bueltan, lankideari aipatu nion eta bertan sutu zitzaidan. Eibarren ez omen dio inori horrelakorik aditu. Orain, gure artean, bizi egin behar du pertsonak Eibar zuloan!
Errematatzeko, galdera. Ateak irekita izan genituenean herriko sarreretan autokarabanak erregalatu al zituzten eta ni enteratu ez?