Euskaraz bizi-bizi

Seinaleak lurrean. Hiru hipotesi

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraz bizi-bizi 2014ko urr. 24a, 12:56

Irailean jarri ditu Orioko Udaleko brigadak parkeetako seinale berriak. “Haurrak euskaraz ari dira, eta zuek?” irakur daiteke txirrista eta kulunpio artean. Gure harridurarako Cadizko konstituzioak baino gutxiago iraun du seinale batek, Muntoko jolas eremuan ipurditik aterata baitago duela bi aste jarritako kartela.

Ez gara alarmista jarriko, garrantzi handiegirik ere ez du seinale batek baina zer pentsatua eman digu. Goazen gertakariak aztertzera. Hiru hipotesi aztertzen ari gara euskara zerbitzuak eta bulego teknikoak herriko zenbait eragilerekin elkarlanean zabaldutako ikerketa batzordean. Egurrezko zutoina ustelduta zegoen jartzerako, hori da lehen hipotesia. Edo haizea izan al da euskararen aldeko aldarria lokatzetara bota duena? Hasieran beste susmo batek ere hartu zuen indarra: bakarren batek indarrez atera du. 

Bada beste datu bat lehen bi hipotesiak indartzen dituena. Ez da inor kexatu edo ez da inor mindu seinalea lurrean ikusita. Eta oriotarrak sentibera jartzen gara horrelakoetan. Bost axola ote zaigu parkeetan zein hizkuntza entzuten den? Ondorioak garbiak dira: bakarren batek indarrez atera badu, lasai, berriz jarriko dugu-eta. Laster aspertu behar du, egoskorrak gara gero! Hori bai, haizeak bota badu edo egurra ustelduta baldin badago, soluzioa ez da horren erraza.

Ez ote da euskarak herrian bizi duen egoeraren adierazle?

Jon Agirresarobe 'Torrotxo'
euskara zinegotzia

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide