Herritarren erdia gaztelaniaz, helduen adin tartea kontuan hartuta. Denak ez dira izango euskaraz ez dakitenak. Zintzoak izan gaitezen datuak irakurtzerakoan: Orio asko hazi da azken urteetan eta oriotartu diren mordoxkak ez du ama hizkuntza Euskara izango. Baina barra muturretik Anibarko Portura erdiek gaztelaniaz egiten badute, seinale euskal hiztun asko ere Cervantesen hizkuntzan ari dela. Alegia euskaraz bizi-bizi bezala castellanoz raka-raka egiten dugula.
Euskara batzordearen ondorioa da hizkuntza kontzientzian eragin behar dugula. Horregatik jarri genuen martxan “Euskaraz bizi-bizi” kanpaina. Abiapuntua zoragarria: UEMA eta Kontseilua bidaide, bi astez Salatxo aretoan bilduta izan ditugu herriko euskalzaleak. Emakumeak eta gizonekoak, haserretuak eta pausatuak, udal langileak eta herrigintzako agenteak. Borondatea libre eta 32 lagun inguru bildu gara. Lehen astean gogoeta, bigarrenean soluzio bideak. Zer egin gazteek ia “bikain” atera duten ikasgaian gurasoen “nahiko” kalifikazioa hobetzeko.
Udako etenaren ostean hastera goaz bizi-bizi: herritarron hizkuntza ohiturak konpartitu eta bereziki gaztelaniaz dihardugun esparruetan programa berriak martxan jarri. Talde eragilea izango da Salatxon bildu dena, Orioko Udalak bitartekoak jarriko ditu.
Eta zu, bizi-bizi edo raka-raka, nola jarduten zara?
Jon Agirresarobe
Euskera zinegotzia