Azken aldi honetan, Interneten fototekak astintzen pasatu dut denbora ugari. Argazkiak jaso, sailkatu eta publikoari zabaltzen dizkioten enteak dira fototekak. Banekien bazirela, baina orain artean ez zait kuxkuxean hastea okurritu.
Kutxa Fundazioaren fototekatik, Kutxatekatik, hasi nintzen, baina gero Eusko Ikaskuntzarenera egin nuen salto, eta, handik, Guregipuzkoa.eus atarira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren argazki bildumara. Erabilera erraza da, bilatzailean nahi duzun hitza jarri eta erreferentzia hori daukaten argazkiak ateratzen dira: Aia, Orio, Zarautz... Ordu luzetarako entretenimendua.
Badaude imagin garaikideak, baina, orokorrean, digitalizatutako argazki zaharrak daude ikusgai, eta, niretzat, hor dago magia. Lekuak errekonozigarriak dira, baina aldaketak ere nabarmenak dira. Bada argazki bat, Etxetxoko arkutik Aiako eliza dorrera hartutakoa. Silueta orokorrak gaur egungoaren tankera izango luke, errepidea asfaltatua ikusten da, baina ez da autorik ageri, pertsonak soilik, eta aparkalekurik ere ez dago. Zelatungo erromeriako argazkiak ere badaude, gazte jendea dantzan, pozik. 1962ko data dakar. Ernioko gurutzearen inauguraziokoak ere badira ikusgai, 1947an.
Orioko zubitik egindako argazki bat bereziki gustatu zait, txirrindulari lasterketa batekoa, gizon bat argazki-makina eskuan duela Zubiko barandilatik saltoan agertzen dena. Kazetariren bat, akaso. Oriori lotutako argazki gehienak arraun mundukoak dira, estropada, ospakizun zein banderen bedeinkapenetakoak. 60ko hamarkadako irudi sorta eder bat ere ikus daiteke; horietako batean Bordatxo eta Gelatoneko pasabide horretan bi kotxe alde banatara doaz, eta grazia egin dit, beti iruditu izan baitzait estuegia kotxe bakarrarentzat ere.
Aia eta Orio aise ezagutu daitezkeen moduan, Zarautzen kasuan zailagoa da, bere osotasunean aldatu baita, guztiz. Hondartza errekonozitzea ere kostatu egiten da, askotan. Musika Plaza zaharrak txunditu egin nau, herri osoan zehar ageri diren etxeek eta txaletek bezala. Horietako batzuek gaur arte iraun dute, baina ez dira asko, orokorrean guztia baitago oso ezberdin.
Lekuak ez ezik, pertsonak ere protagonista dira. Irudietan ageri diren haur horiek behin helduaroan edo zahartzaroan ezagutu ote ditudan galdetu diot hainbatetan nire buruari, eta erantzuna baiezkoa litzatekeela ondorioztatu dut, ziurtasun osoz norbaitekin harremantzea tokatu zaidala era batera edo bestera. Pena, ez jakitea zeinekin