Zenbat arratsalde pasako ote genituen Kabiko eskaileretan zerbezaren bat hartzen edo Errustako eserleku hartan. Tabernen izen, zerbitzari, bezero zein inguruak aldatu diren arren, tabernako hizketaldi asko ez dira aldatu. Horien artean bat, autoritatearekiko maldizoa, "Ertzain ostiak, kontrola jarri diyen/k". Bada, azken boladan entzundakoak asko harritu nau; herriko gazte asko ertzain sartzeko probak egiten ari direla. Nolatan! Arinkeria hutsean harturiko erabakia, nire ustez. Protoertzain gutxirekin hitz egin dut, baina guztiek diote gauza bera: "Lasai, ni trafikon" eta "Joe hi! Garayak aldatu ditun/k". Bi esaldi horiek dira beraien argudio sendoenak. Biek ere arrakala handiak dituztela iruditzen zait.
"Ni Trafikon" diote, gatazka gutxien duen departamendua zein zalantzan gutxien jartzen dena delakoan edo. Baieztapen horrek agerian uzten du gainontzeko departamenduek duten etika eza: etxea ordaindu ezin duten familien desjabetzeak, espazio soziokulturalen desalojoak (Kukutza, Kortxoenea ...), konfinamendu garaiko gehiegikeriak (Bilboko alde zaharrekoa kasu), arrazakeria ... guztietan ere bortizkeria erabiliz. Geroz eta ertzain gehiago dauzkagu, eta denak trafiko departamenduan sartzea ez dut sinesten. Eta, trafikon egon edo ez, denek edukiko dituzte autoritatea erabiltzeko uneak.
Bestetik, garaiak aldatu direla diote. Ez daukat garbi zer esan nahi duten horrekin, errepresio gutxiago dagoela, agian. Nik dakidala, behintzat, ez dute hausnarketarik egin beraien egituretan, eta jipoitzera irteten ziren beltzak ertzainak dira oraindik. Ez dute sortu duten minaren erreparaziorako pausorik eman: Gurutze Iantzi eta Xabier Galparsoro ertzainen eskuetan hil ziren, ertzainen pilotakadaz bost pertsona hil dira, azkena Iñigo Cabacas, 310 tortura kasu leporatzen zaizkio Ertzaintzari Eusko Jaurlaritzak onarturiko txosten batean, asko dira gomazko pilotakaden eta jipoien ondorioz ikusmena galdu edo bestelako ondoezak izan dituztenak. Egia da gatazka politikoa beste dimentsio batean dagoela egun, baina Ertzaintzaren jarrera ez dela aldatu esango nuke.
Arduratzeko modukoa da, hain erraz ertzain izateko erabakia hartzea. Militarizatua den herri honetan agente armatu gehiago ipiniz. Merkeagoa baita, hezkuntzan inbertitzea baino edozein herritarren gainetik dagoela pentsatzen duten ertzainak formatzea. Pedagogia egitea baino errazagoa delako oldarkortasuna lantzea.
Itxuraz, azkar ahazten da ertzainek egin duten guztia urtean gutxienez 29.362,72 euro irabazita (2011ko datuak). Sikiera, ertzain gehiagok zerbitzua euskaraz emateko balio badu ... Lasai, bitartean kontzientzia kargarik gabe, herriko protoertzainek asteburuetan lagunekin poteatu, parranda bota eta drogatzen jarraituko dute, gero droga trafikoagatik atxiloketak egingo dituztenean.