Umoreak mugak dituen eta edukiz gero zeintzuk diren, eztabaidarako gai emankorra da. Niretzat, garbi dago: umorea eraikuntza soziala den heinean politikoa denez, mugak ditu. Ez naiz luzatuko umorea zergatik den politikoa azaltzen, soilik esan: iraina, lotsa eta beldurra sor baditzake, politikoa dela. Bada, zeri eduki behar zaio lotsa edo beldurra? Egun, bazterrekoari, gizartearen erdian ez dagoen guztiari, alegia. Eta gehiegitan, umorea bazterrekoez barre egiteko erabiltzen da. Beraz, umorea ez litzateke erdigunetik periferiara edo goitik behera egin behar. Ezin liteke pribilegioak zuritzeko erabili. Umorea tresna politiko gisa bazterrekoa erdiratzeko erabili behar da. Hau da, pribilegioak deuseztatu eta gizarte parekideago bat sortzeko tresna izan behar du. Muga horiek baliagarriak iruditzen zaizkit beste esparruetarako, adibidez, ekintza edota protesta politikoetarako.
Ekintza edota protesta politiko ororentzat baliagarria izanik ere, jarraian pankartekin lotu nahi nituzke goian esanak. Udalak pankarten araudia berritu duen honetan zer pentsatu eman baitit. Pankartak ipintzeko baimenak arindu dituen arren, nire ustez ez baita nahikoa. Nire aburuz, pankartak jartzeko ez da eskaerarik egin behar, adierazpen askatasunaren izenean jarri eta kito! Eta adierazpen askatasunaren mugak jada aipatuak lirateke. Beraz, irizpide berbera izanik, zapalkuntza egoera edo zapaltzaileak salatzeko tresna ere bada pankarta, ez, ordea, pribilegioak mantendu eta indartzekoa. Eta horretarako ez da baimenik eskatu behar, dagokizun tokia hartzeko ez da baimenik behar! Ez zaio errespetua galtzen inori!
Inork esan lezake, pankarta batek edo bestek dioena mingarria dela kolektiboren batentzat. Poliziaren aurkakoak kasu, inork esan dezake "polizientzat mingarriak direla". Onar dezaket errealitate dosi batek min eman dezakeela, baina zergatik ematen duen min aztertu beharko genuke. Min hori zure pribilegioak seinalatuak izan direlako bada, sentitzen dut, pribilegioen inguruko lanketa egitea dagokizu. Poliziekin jarraiki, agerikoa da, estatuaren boterearen interesak bermatzeko sortutako gorputz armatua delako: hau da, zuri, dirudun, hetero eta espainola babesten du. Beraz, polizien kontrako pankarta batek sor dezakeen minak ez du planteatutako mugarik zeharkatzen. Ezta politikari ustel edo enpresari esplotatzaileen aurkakoek ere, adibidez.
Badakit goian ipiniak betiko adibideak direla, baina inoiz guztioi mugitu digu barrua pankarta, pegatina edo kartel batek. Denoi egokitu zaigu gure pribilegioak afixa batean islatuak ikusi eta hausnartu beharra. Askotan, gainera, protesta eta umorea uztarturik asmatzen da pribilegioak bistaratzen. Horretan artistak dira Pakak, aupa zuek! Beraz, hemendik aurrera, pankarta, pegatina edo edonolako aldarrikapen bat ikusi eta min ematen badigu, kritikatu eta kendu aurretik, zergatik ematen digun min aztertu beharko genuke.