Kafe bat

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Dorronsoro 2024ko eka. 1a, 08:00

Norbait kafea ateratzen.

Maiatzeko aldizkariko Moila bazterretik ataleko iritzi artikulua da honakoa.

"Kafe bat, mesedez!". Esaldi hori nahikoa da zapaltzaile eta zapalduen esparruan sartzeko. Esaldi labur eta arrunta, egoera anitz eta korapilatsu baten ispilu. Behin eta berriz errepikatzen dena. "Kafe bat, mesedez!", edota baliokideak izan daitezkeenak; barran zutik edo mahaian eserita esaten ditugunak. Baina zerbitzariari, kontsumizioa eskatzeko momentu horretan bertan, eskubide eta borroka askoren talka ekar diezaioketenak.

"Kafe bat, mesedez!" esan, eta erantzuna "¿Que?" edo "¡En español por favor!" izatea ohikoa da arrazializatua dagoen ostalaritza sektorean. Bezero euskaltzaleak, tinko eutsi nahiko dio bere hautu politikoari, hizkuntza eskubideei. Zerbitzariak, berriz, pentsa dezake nahikoa duela berearekin, bere lurrak utzi behar izanarekin eta bizi berri bat eraiki beharrarekin; orain hizkuntza berri bat ikasteko, "Un poco de empatia", etor dakioke burura. Egoera horretan, bien jarrerak dira ulertzekoak, biak ala biak etorkizun hobe baten esperantzan, kolonizatutako lurretatik ihesi doana eta kolonizatutako lurrean berea berreskuratu nahi duena.

Egoera hori geroz eta ohikoagoa bilakatzen ari da, eta ezer egin ezean, kolonizaziotik ihesi datorren migranteak zapaltzailea indartzen jarraituko du. Horregatik guztiagatik, harrera sare sendoago bat behar dugu, etorri diren eta etorriko diren guztiei nora iritsi diren erakutsiko diena: Euskal Herria zer den azaldu, euskara ikasteko baliabideak eskaini eta horietara iristeko bideak erakutsi. Ez migranteei bakarrik, lan esparru arrazializatu guztietan egin beharreko harrera eta lanketa da, enpresa jabeekin hasi eta langileetaraino. Eta bizi baldintza hobeak edukitzeko, horretan ere ipini behar dugu arreta, hori ere zaintza baita.

Beraz, badugu lana Orion, eta ostalaritza zein turismoa ulertzeko modua aldatzetik has gaitezke. Kafea eskatu eta hartzea denentzat erosoa eta irisgarria izateko, begirada erabat aldatu behar dugu. Eta ni, Bisiguaren Egunarekin hasiko nintzateke; 70.000 mila euro xahutzeaz gain, sektore arrazializatu eta prekarioenean inbertituz, lan baldintza txarreko postuak hauspotzen baititu. Gainera, herritarron egunerokotasunean kalteak dakartzan klase altuko turismoa du jomuga. Gure kultura folklorizatzen duen San Sebastian Region esperientzia kontsumitzea da helburua. Horretarako, zerbitzuak bisitarientzat erakargarri bilakatzen dira, herritarrak bigarren mailan utzita (Airbnb edota hizkuntza paisaia medio). Ondorioz, besteak beste, alokairuen prezioa igotzen da. Kultura eta turismo politika horren eraginez, kafea bi aldiz da desatsegina, erdaraz eskatu behar delako eta garestiegia delako. Erabil ditzagun 70.000 euro horiek turismo eredu jasangarri batekin batera, euskaratik eta euskaraz herritarron bizi maila hobetzeko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide