Atzo udalbatzarrean onartzera eraman zen plana hamar urte luzeko lanaren ondorioa da. Hamar urte hauetan udalean aritu diren talde politiko, teknikari eta herritarrek egindako ekarpen eta lanen ondorioa da. Ni azken txanpa honetan aritu naiz soilik; beraz, eskerrik asko guztiori.
HAPOaren inguruan hartu diren erabakiak, gure herria, Orio, hemendik 10-15 urtetara nolakoa izatea nahi dugun amestea zuten oinarrian. Nolako Orio nahi dugun ondorengoentzat.
Eta horiexek izan dira, besteak beste, Plan honen bitartez geure buruari egin dizkiogun galderak: Oriok herri txiki izaera mantentzea nahi dugu? Datorren hamarkadan, herriaren biztanlegoaren gorakada handia izatea nahi dugu? Etorkizun ekonomikoa izan dezakeen alternatibak landu nahi ditugu Oriorentzat?
Horixe da HAPOarekin lotzen dena. Hirigintzaren garapena ez baita soilik etxeak planifikatzea, herriaren izaera erabakitzea ere bada.
Gaur onartzen den Planak baditu aspektu positiboak:
• Herrian degradatuak zeuden eremuak eraberrituz, hauentzat irtenbideak planifikatzen dira.
• Aldaketa klimatikoak herrian izan ditzakeen ondorioei aurre egiteko ekimenak barneratzen ditu.
• Arozenako eremuari, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz, etxebizitza dotazioanalak garatzeko aukera sortu da.
• Aizperroko industria eremua Planean mantentzen da.
• Herritarrek duten etxebizitza beharrak kontuan hartu dira.
Baina, aldi berean, planean irudikatu dira konpartitzen ez ditugun hainbat aspektu ere:
• Etxebizitza kopuruaren inguruan, 532 etxebizitza berri aurreikusten dira. 131 eginak daude dagoeneko, beraz 418 egiteke daude. Guztiak egiten direnean, herriko biztanleria %20tik gora haziko dela kalkulatu genezake, 7.500 pertsona inguruko Orio izatera iritsiz 2035ean. Etxebizitzak eraikitzeaz gain, herritarrek dituzten beharrak asetuko dituzten zerbitzuak ere tamainara egokitu beharko dira.
• Etxebizitzen garapen honek, Diken, Mutiozabalen eta Arozena eremuetan, dentsitate handiko auzoak sortuko ditu gainera. Egungo paisaian pantaila moduko batzuk sortuko direlarik eremu horietan, Aldundiaren txostenak dioen moduan. Dentsitate altu hauek interes pribatu bakan batzuen aberastea ekarriko dute atzetik, bideragarritasunaren atzean, dirua egitearen interesa dago.
• Etxebiden izena emanda dauden ia 292 oriotar inguru daude eta hauetako gehienek (215) alokairurako aukera lehenesten dute. Plan honetan alokairura bideratuko etxebizitzak Muntoko eta Arozenako garapenetan garatuko dira. Munton dagoeneko 46 etxebizitza prest daude, duela bi legealdi Jaurlaritzarekin lotutako akordio bati esker. Arozenan ez dakigu zenbat etxebizitza garatuko diren, baina seguru ez direla 150. Esan beharra dago, Planean aurreikusten diren etxebizitzen %21 babestutakoak izango direla, baina hauetako bi heren tasatu eta babes ofizialekoak izango dira, hau da, salmentara bideratuak. Nolabaiteko babesa duten etxebizitzen garapena, promotoreen bideragarritasun ekonomikoaren araberakoa izan da.
• Eta amaitzeko, asko kezkatzen gaituen gaia: Kultur Etxea dagoen eraikina, etorkizunean, etxebizitza pribatuetara bideratzeko aukera txertatu da Planean. Guk ez dugu hau egoki ikusten. Badakigu Kultur Planak zer jaso duen, eta jakitun gara, herrian egingo diren garapen urbanistiko berrietatik, lokal eta espazioak jasoko dituela udalak, kultur ekipamendu izatera bideratu daitezkeenak. Baina Kultur Etxe moduan funtzionalitatea galdu badu, herriak dituen beste beharrei bideratu daitezkeen zerbitzu edo dotazioak bertan garatzearen egokitzapena aztertu beharko litzatekeela iruditzen zaigu. Herriarena den ekipamendu publiko bat, esku pribatuetara bideratzeko planteamendua ez dugu konpartitzen.
Hala ere, esan dugun moduan, planean lanketa asko dago eta gure udal taldeak lan asko egin du urteetan bertan. Alde onak ikusten dizkiogu planari, baina baita ez hain onak ere. Horregatik, orain arte izan dugun jarrerarekin koherentziaz, erabaki dugu abstentzioa ematea.