Leku estrategikoan kokatua dago Orio, Oriako itsasadar aberasgarrian. Eraikuntza berri asko egin dira azken hamarkadetan Orion, eta batzuk industriagunea eraikitzeko asmoarekin jarraitzen dutela ikusi dut hauteskude kanpainan. Orioko eraiki gabeko lur apurrak ere hormigoiz betetzea ez nuke nahi, Ubegunen oraindik ere pabilioiak libre egonda, hala nola hainbat eta hainbat etxebizitza eta eraikuntza. Arrantza da Orioko diru sarreretako bat, baina itxasora irtetzeko bide traketsa izanik, laguntzeko asmotan hormigoia galanki erabili da kofradia berria dagoen zabalune eta “puto-muroa” eraikitzeko. Arrantzaz gain ordea, diru-iturri nagusia turismoa eta horren inguruko zerbitzuak dira Orion, baina hori ere hormigoiz betea dago.
Hondartza ingurua malekoiaz mugatu eta Hotela lehen lerroan eraikitzea izan zen turismoari bultzada emateko bide nagusia. Baina hondartza osasuntsu batek HONDARRA oso garrantzitsua du. Haren parean bidegabeko draga egin, lehen zeuden dunak kendu eta pareko paretak sortutako korronte aldaketekin, ikusi dugu gure hondartza maitea zertan geratu den. Hondar ale lodi eta hautsez betea, uretara sartzeko olatuak puskatzen diren malda zakarra... Non geratu da marea gora-beherak ematen zuen hainbat kiroletara jolasteko lautada, txiki eta ez hain txikiek goxatzen genituen putzuzuloak? Dagoen egoeran hondartza ez bada herritarrentzat ere amu, are gutxiago kanpotarrentzat!
Turismo jasangarriago baten aldekoa naiz eta Oriok aukera asko dituela iruditzen zait. Bidean tokatu zaizkidan adibideak agertu nahi dizkizuet hemen, horiek gure herrian islatu daitezkeen txokoekin amestu eta ia 2030erako errealitate izatea lortzen dugun.
Badira 3 urte pasa Alemanian bizi naizenetik, eta parke ezberdinak ikusi ditut batean eta bestean, baina Sigmaringen izeneko herrixkakoak dakarzkizuet gaur hona (Ikusi izen bereko argazki galeria). Gaztelu dotoreak gobernatzen du Donau ibaiak zeharkatzen duen herria, eta horrek bizikleta zale asko erakaratzen ditu. Ibai ondoan izanagatik, bizikleta bideak ez dira lauak, ibaiaren hasiera aldea baita, eta urak harroken artean bidea egiten duenean, oinezko -Donejakue bidea- nahiz bizikletariak alboko aldapetara bideratzen baitira. Bigarren hezkuntza eta gradu-eskolako ikasleentzat ez omen du erakargarri askorik (diskoteka bakarra omen), baina mota askotariko parkeak topatu daitezke haur eta helduen atseginerako. Haurrak jolasteko hondarrezko parkea egurrezko jostalekuekin, txalupa, salto-salto, soka etabarrekin. Eta eguzkiagandik babesteko toldoz josita. Inguruan belardi eta landare ezberdinen multzoak (erromero, labanda eta beste...). Guraso eta haurrak gustora gerturatzeko lekua benetan.
Aurreraxeago lasaitasuna nagusi den osasun-parkea. Zuhaixka sendoez egindako pareten artean deskantsurako eserleku eta meditaziorako eta baita helduenek ariketak egiteko txokoak, eta ur hotzezko putzu bat, heldulekuz lagunduriko eskilara eta bidearekin, bertatik paseatuz hanketako zirkulazioa arintzen laguntzeko. Zubia azpitik igarota gaztelu parean, udako gau luzeetan antzerki, kontzertu eta beste hainbat ekintza antolatzen dituzten anfiteatro irekia.
Gazteluaren ibai-ertzean egurrezko mahai eta aulkiak, eguzkitan ezartzeko eserleku eta etzatekoak, harri borobilezko geralekuak... Ibaian gora jarraituta, errepidetik gertu egon arren nahikoa lasaia den beste txoko eder bat, zuhaitz eta landare ezberdinak biltzen dituen arkuzko bidea, bizikletariak euren atsedena hartzen geratzeko, haurrak jolasteko... hezeguneetako landarez osatutako paduratxo bat, edo lasai irakurtzen egoteko aulkiak. Kanpina aurreraxeago geratzen da, ibaian uretako kirolak egiteko aukera ematen duena.
Orioko Dikeko parkean, eta ibaiertze osoan zehar ditugun parkeei kolore natural piskat emateko ideia politak atera daitezke. Abaromendin duela urte pare bat landatu zituzten natura maitaleek landare ezberdinak. Horri segida ematen jarraitu beharko litzateke, agian atsedenleku fresko bat lortu daiteke bertan, hegoaldeko zuhaitzigelen (Hyla meridionalis-en) kantuez gozatu daitekeena.
Baina garrantzitsuena naturari jarri dizkiogun mugak zabaltzea iruditzen zait. Gizakiak betetako hormigoiean urak kabida oso mugatua du. Azken urteetan ikusi dugu naturak berea den lekua indarrez hartzen duela; tartean sartu eta zabaltzerik ez duenean, aurretik eramanaz. Barra biei puska ederrak kendu dizkie azken neguetan. Orion ez dut jakin, baina aurtengo negu euritsuak uholde asko eragin ditu inguruan, ibaiak ia ia kanal bihurtu ditugun honetan, urak padurak bilatzen baititu emari asko duenean lasaitzeko. Ez dut ulertzen nola, oraindik ere ez dugun Motondo ureztatu. Politika tartean sartu eta ezin aurrera egin. Europako Batasunak Intereseko Toki (LIC) eta Kontserbazio Bereziko Eremu (ZEC) izendatua du Motondo Natura 2000 sarearen barruan, eta berreskuratzeko laguntzak eskatu beharrean, dirutza ordaindu zion herriak Motondoko lurren jabeari erosteko. Gero Arantzadirekin berreskuratzeko plana lanean izan eta lehenengo faseari aurrera egiteko ere adostasunik ez. Urak Udaletxeko sarrera oztopatu arte itxaron behar al dugu konturatzeko zein garrantzitsua den Motondo hezegune izatea?
Hala eta guztiz ere, Motondo hezegune izatearen helburu nagusia ez deritzot gizakioi eragin diezagukeen kaltea saihestea. Horri bigarren mailako arazoa deritzot. Hezeguneak ekosistema garrantzitsuak dira eta bidaia luzeak egiten dituzten hegaztientzako atsedenleku beharrezkoak. Ez naiz ni gai honetan aditua, baina duela gutxi egin dudan Bretaniako bizikleta-bidaian La Briére-ko Natur parketik igaro nintzen eta begi eta belarrientzat gozamena izan zen hura. Kilometro luze eta zabaleko hezegunea da Bretaniako hegoaldeko parke hau. Errepide batek lotzen ditu hezegune artean dauden herrixkak eta bizikletarekin ur putzu artetik bidaiatzeak belarri eta begientzat opari ezinhobea ekarri zidan. Igelak kroak-a, hegazti mota ezberdinak txioka, txitak zaintzen, igerian nahiz hegaka... Bizikleta bidean zehar deskantsu hartzeko mahai eta aulki batzuetara ezin iritsi, euri garaia izanik urak hartuta baitzeuden inguruak.
Horrelako ingurune aberatsa kanpotik datozen turistak erakartzeko amu ezinhobea litzateke, Urdaibai eta Txingudiren pare. Baina batez ere, Orioko herrian bizi diren haur, gazte eta helduek disfrutatu ahalko luketen ingurua izango litzateke, urte garai ezberdinetan hegazti bidaiari ezberdinak ikusteko aukera izanik, hala nola eguneroko fauna eta floraz sentimenak goxatzekoa.
Sarian lan handiak egin dituzte altzadia landatu eta inguruak ureztatzen utziz, eta iadanik ikus daitezke hegazti mota ezberdinak. Motondo berreskuratzean, Saria, Santio eta Altxerriko errekekin batera, hezegune-sare izugarria lortuko genuke, arrain, landare, intsektu, anfibio eta hegaztien aberastasuna irabaziz. Eta ama lurrari kendutako hainbeste lurretatik puska txiki bat itzuliz. Bizikleta-bideak panel informatiboekin eta piragua irteerak antolatuta aberastasun hori jakituria bihurtu eta zabaltzeko aukera ezin hobea ikusten dut.
Herritarron eta ingurumenaren hobe beharrerako lanean, ordea, politika interesak sartzen dira maiz, lehenago aipatu moduan, erabakiak oztopatuz. Eta horrela jarrai ez dezan, ingurune teknikari baten beharra ikusten dut nik ere Udalean, gazta politikoa nola banatua dagoenaren menpe izan gabe, ingurumenaren alde egin beharrekoa bultzatuko duena. Koloreen gainetik, guztioi eragiten digun gaia baita ingurumena.
Eta 2030. urterako Euskal Herrira bizitzera itzultziko ez banintz ere, gustora bisitan joango naizen Orio berde baten ametsak errealitate bihurtuko diren esperantzarekin amaitzen dut gaurkoan.