Horixe izan da blogetik atzenduta eduki nauen arrazoietako bat: anonimoek beren buruari ematen dioten eskubidea, nahi dutena nahi duten bezala esateko, irainak eta guzti; eta horren aurrean web gune honen ardura dutenek erakusten zuten jarrera. Hori, jarrera hori, aldatu egin da, neurri batean, eta, gutxienez, anonimo iraingarrien kontrako aldarria egin dute. Edozer ez da zilegi, gauza batzuek min handia egiten dute, eta ez dakarte ezer onik, eta herri honen ibilian arrasto oso txarra utziko lukete. Batzuk dagoeneko hasiak dira izen-abizenekin sinatzen eta zoriondu egin nahi ditut. Nik Mikel Aranzabal eta Iñaki Gurrutxaga ikusi ditut. Zorionak biei!
Baina izan dut beste arrazoi bat ere web gune honetatik urruntzeko: blogari batzuek aukeratzen dituzten gaiek gehienetan ez dute zerikusirik Oriorekin, ez dute inolako gertutasunik; berdin-berdin atera litezke, Orion, Bilbon edo Baionan. Egiten duten bakarra da artikulu bat nonbaitetik kopiatu eta hemen itsatsi, guretzako inolako balio erantsirik eman gabe. Zer irabazten dugu horrekin blog hauen irakurleok? Azkenean, nazkatu egingo gara. Eta kontu honetan ere web gunearen arduradunek badute erantzukizuna. Blogen sarreran esana dago zein den helburua, hitzez hitz: “Herritar batek, talde batek, elkarte batek... edozeinek du zeresana herriko kontuez. Eta horretarako aukera eman nahi dizue Karkarak.”
Hori bada helburua, hori lortzeko bitartekoak ere jarri beharko dira, ba! Alegia, hori egiten ez duenari hori esan egin beharko zaio, ba! Ni horretan ari naiz orain.
Zertara dator karkara.com-eko blog batean alderdi politiko batek Madrileko parlamenturako hauteskundeetako bere hautagaien propaganda egitea? Niri tamalgarria iruditzen zait, eta zabarra; seguru asko, beren interesetarako kaltegarria, gainera. Horrek ez luke tokirik izan behar horrelako blog batean.
Bertsoak plazaratzen dituen bloga ere ez zait gustatzen. Maitasunez eta samur esan nahi diet hori egileei, bertsozaletasunetik; baina Leitzan, Markinan eta Orion berdin-berdin balio dezakeenak ez dio aparteko ekarpenik egiten Oriori eta alde horretatik ez da positiboa. Nik uste dut herrian bertsozaletasuna suspertzeko, zerbait bertakoagoa egin beharko litzatekeela. Adibidez, Orioko eta Aiako bertsolarien bertsoak jarri, aukera zabala dago. Eta hori baino are biziagoa litzateke oraingo gaiei orain jarritako bertsoak plazaratzea. Ez txarrera hartu, mesedez.
Proposamena nirea denez, nik abiatuko dut bide hori, ea gauza garen aurrera egiteko, nik uste dut hori interesgarriagoa dela. Bertso batzuk jarri dizkiot gure prentsari. Horra:
Berria egunkariaomen da partziala,
Jaurlaritzak esan du
ez dela zabala,
berak esan dezala
zein den inpartziala
edo bestela hobe bat
atera dezala.
Orion ere gaia
lantzen ari gara
ta nire iritzia
esango dut, hara:
bada aldizkari bat
izena KARKARA
aspaldi irten zena
herriko plazara.
Eajotak sortu du
beste bat Orion
eta denok dakigu
ze usain darion
herriari dirutan
zenbat kosta zaion
ta parte hartzeari
ze gutxi eman dion.
Iñaki Iturain