Eta harro nago!

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Mutiozabal 2024ko api. 5a, 10:22

Negu Gorriak musika taldearen disko baten azala.

Martxoko Karkara aldizkarian, Aritz Mutiozabal kazetariak Korapiloa atalean idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Aski da txo, esan ozenki! Euskalduna naiz eta harro nago! Oihukatzen zuen Fermin Muguruzak Negu Gorriak taldearen estreinako diskoa zabaltzen zuen abestian. Fight the power, boterea borrokatu. Ereserkiaren poesiak, gainera, nazioarteko hainbat erreferente aipatzen ditu taldearen gidalerro bezala: Malcolm X, James Brown, Public Enemy eta The Clash, alegia. Musikalki zerbait berria sortzen ari ziren, rocka, hardcorea eta raparen halako nahaste-borraste bat euskara hutsean, sustraiak lurrari tinko.

Horregatik, lehen entzunalditik deigarria egin zitzaizkidan abestiaren amaieran sanpleatuta dauden grabazio laburrak: hiru euskaldunek beraien burua aurkezten dute horietan. Azkena Pierre Ager atabalaria da eta, lehena, Maurizia Aldeiturriaga pandero jotzaile mitikoa. Aupa Maurizia! Bigarrenak, eta niri beti atentzioa deitu didanak, honela dio: "Ni naiz Jose Peña Gozategi, Oriyoko Sarobeko baserrin jayua". Urteetan izan ditut iltzatuta izen-abizen horiek nire burmuinean, eta NGren kantua edozein txosnatan pintxatzen zutenean, zain-zain geratzen nintzen minutu eta 50 segundora arte "Ni naiz Jose Peña Gozategi, Oriyoko Sarobeko baserrin jayua" harro eta ozenki esateko.

 

Gure arbasoek erabiltzen zuten autotune analogikoa zen tronpa-musukitarra

 

Digitalizazioak eta sareartearen demokratizazioak guztion eskura utzi ditu hainbat material, balekoak zein zerrikeriak. Kazetaria naizenez gero, eta gure ofizioaren espirituak ikerketarekin zerikusi zuzena duenez [Hollywoodeko film oscarizatuetan, behintzat, hala erakusten dute], bulegoko Ryszard Kapuściński bihurtu nintzen eta Google santuari galdetu nion: nor da Jose Peña Gozategi? Hara non, Juan Mari Beltran musikari eta musikologoak 1985ean eginiko erreportaje baten bideoa agertu zitzaidan Youtube kanalean: tronpa-musukitarra musika tresnaren ingurukoa zen, eta Sarobe baserrian agertzen zen, gure protagonista elkarrizketatzen.

Baina zer arraio da tronpa-musukitarra? "Giltza forma duen metalezko uztaia da. Altzairuzko mihi luzea du uztaiaren erdi-erdian, hatzarekin astintzerakoan libre bibratzen duena". Halaxe definitzen du Herri Musikaren Txokoak. Aurreko mendean, gure arbasoek erabiltzen zuten autotune analogikoa, nolabait esateko. Ikusi zeinen modernoak ginen orduan ere! Oker ez banago, Oskorrik erabili izan zuen bere ibilbide hasieran, baina ez dakit ziur besterik izan den. Orduak eman beharko genituzke fonoteka batean.

Erreportajearen urte berean, Euskal Herriko Soinu Tresnak izeneko diskoa argitaratu zuen Beltranek, eta bertan jaso zuen bideoko elkarrizketan Jose Peña Gozategik kontatutakoa, baita tronpa-musukitarrarekin jotako pare bat pieza ere. Play-ari eman, eta "Ni naiz Jose Peña Gozategi, Oriyoko Sarobeko baserrin jayua. Bertan bizi naizena, eta uain dazkat 76 urte, martxuan 29n kunplituko zaizkit". Istorioa ez da ez bukatzen, baizik eta zehatz-mehatz kontatzen du nola eskopeta kontrabandoan aritzen zen Nikolas Garmendia izeneko "Aretxabaletako gizon handi bat" etortzen zitzaiela baserrira lo egitera. Hark tronpa jotzen omen zuen sagardotegietan, eta "jotzen hasten zanen ikaragarrizko txaluak jotzen zizkien".

Aurkezpen sarrera labur hura bukatu bezain pronto, tronpa dantzari hasten da Din-doing-din-daing eta, aldi berean, Sarobe baserriko anfitrioia hasten da kantuan Ttin-ttan-ttan-ttin-ttikittin, Ttin-ttan-ttan-ttin-ttikittin! Ze sorginkeria izan da hau! EITB promozionatzeko publizitate hura bezala, txapela atzeraka jarrita eta hortzordeak erori beharrean geratu zitzaizkidan.

Beraz, zerbait benetan modernoa egin nahi duten belaunaldi berriei, dela sintetizagailuekin, dela programazioekin, aholku bat emango nieke: galtzerdia ahoan sartuta kantatu ordez, tronpa-musukitarrarekin probatzea. Aski da txo, esan ozenki! Euskal autotune-az harro nago!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide