Schuss

Erabiltzailearen aurpegia Alakrana 2009ko urr. 16a, 10:53

Marea biziekin moila bazterreko azken eskailerak ere busti zaizkigu. Halaxe gatoz aurten ere Karkarara, itsasoko ur gaziz plaza aldea freskatzera. Idatziak inor mindu gabe irribarrea sortzeko asmoz; edo zer pentsatua …edo agian…nahi gabe… hunkitzea.

Nik ere aspaldian barrena mugitua dut. Duela hiru hilabete, Donostiako denda txiki batean zer ikusiko eta Schuss gaseosa salgai. Gure umetako freskagarri marka. Hantxe buru handi borobila, irribarrez bere txapela eta guzti. Horixe nahikoa izan zen haurtzaroko oroitzapenen errota martxan jartzeko.

Ondoren etorri ziren mutil koxkorra nintzeneko sentipenenak biltzen dituzten edukiontziak. Benitoren musikak haurtzarora narama.Txikia nintzeneko egun bereziak (festak, ekitaldiak, etab) doinu hori zuen eta barrenean iltzatua dut oroitzapena. Berdin gertatzen zait kresala usaintzen dudanean. Marea betea, moila eta baporeak lehorrean eta haurtzaroa. Sare eta karroen artean, plazan bueltaka. Umetako garaia dakarkidan beste sentipena ur gazitan busti ondoren eguzkipean lehortzea da. Gatz lehortuak azala erretzen dit eta haurtzaroa astintzen. Antillako hondartza, dunak, trajedebainuak eta olatuetan murgil igerian. Hantzekoa gertatzen zait marea behean dagoelarik hondartzan futbolean ikusten dudanean koadrilaren bat. Bat-batean haur bihurtu nahi dut eta korri baloiaren atzetik plaieroetan. Burdinazko largeroa bizkarrean hartu eta garaipena ospatuz kantari lagunekin. Ikastolako niki berde, txuri eta gero urdinak soinean hondarretan dena ematen, gola sartzea amets bakarrarekin.

Noski, Schussa erosi egin nuen eta etxera iristean ireki eta edan. Hau atsekabea! Edari hura ez zen Schuss. Freskagarri hark ez zuen umetako zaporea. Ez ninduen haurtzarora eraman. Engainatu egin ninduten edari modernoari zahar itxura emanez, baina jakin badakit garai horiek pasatuak direla eta ez direla bueltatuko. Eta orain nire semearen txanda datorrela bere doinu, usai eta zaporeen otarra betetzeko.

Jokin Salsamendi

—Gasolindegiko langilea—

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide