Komunikatzeko gero eta bide eta modu gehiago ditugu eskuartean, baina gero eta hobeto komunikatzen al gara? In-komunikazio osoa / Bakardadea, iluntasuna / Tristezia, ondoeza, histura /In-komunikazio osoa. Ezaguna egiten al zaizue?
Sare sozialei esker, edo zoritxarrez, gaur egun bizitza paralelo bat bizi dugu: bizitza 2.0 deiturikoa. Askok eta askok sare sozialak denbora-pasa gisa hartzen badituzte ere, gero eta garrantzi handiagoa dute gure bizitzetan. Lana da adibide bat. Gero eta gehiago, enpresariek kontratatu behar dituzten langileen Facebook, Twitter edo Tuentiko profilak sakonki aztertzen dituzte, balizko langilearen gaineko informazio gehiago eskuratzeko: zaletasunak, dituen lagunak… Behin enpresa bateko langile bihurtzean ere, arazo moralak eragin ditzake sare sozialeko kide bihurtzeak. Zer egin sare sozial batean nagusiak zure lagun egin nahi badu? Onartu ala ez ikusiarena egin? Onartuz gero, agian, zure profilean sartuko zenituzkeen zenbait argazki edo testu sartzeari uko egingo diozu. Auto-zentsura zuk sorturiko txokoan? Gonbidapenari ezetz esatea ere zerbait ezkutatzen duzunaren seinale izan daiteke. Edo, agian, buruari buelta gehiegi ematea da?
Hedabideentzat ere informazioa zabaltzeko aukera ematen duen beste plataforma bat da. Ez hori bakarrik egun, informazio-iturri gisa ere erabiltzen da komunikabideetan. Lehen, irratia zen albiste bat zabaltzeko modurik azkarrena. Orain sare sozialek tronu hori kendu diote. Nahikoa da, esaterako, Twitterren esaldi bat sartu eta enter botoiari sakatzea edozein albiste sarean barrena hedatzeko.
Plataforma berri hauek agian guk uste baino eragin handiagoa dute gugan. Izan ere, sare sozial horietan gure bizitzaren bigarren zatia garatzeko aukera dugu. Herrian lagun talde bat dugun moduan, lagun talde bat dugu Facebooken, Tuentin edo dena delakoan. Eta lagun taldeak gurekiko iritzi ona izatea garrantzitsua den moduan, garrantzitsua da sare lagunek ere zurekiko iritzi ona izatea. Azken horrek berdin balio du pertsonekiko, produktuekiko edo enpresekiko. Edo bestela galde diezaiotela Paranormal Activity filmaren produktoreari. Sare sozialetan eginiko ahoz ahozko onari esker AEBetako zinema-aretoetako filmik ikusiena izatea lortu du produkzio xume horrek.
Ez hartu idatzi hau sare sozialen aurkako gisa! Gauza guztiek bezala baditu alde onak eta txarrak, ongi erabiltzen jakitean dago gakoa! Hala ere, ez dakit sare sozial horiek inkomunikaziora ez ote garamatzan. Geroz eta ausardia gutxiago dugu aurrez aurre hitz egiteko eta gehiago sare sozialen bidez pentsatzen duguna adierazteko.
2009ko azaroaren 13an