Urduri nago urteko azken eguna delako eta denbora igaro delako orri zuri baten aurrean egon nintzen azken aldi hartatik. Urduri nago horrelako egunetan bat-batean mezu pila bat idatzi behar dituzulako, eta orain arte esan ez dituzun horiek esan nahi dituzulako. Nire aitonak horrela esaten zigun urteko azken afarian: Asko jan datorren urtera arte ez dugu ezer jango eta! Guk, gure inozentzian, jan eta jan egiten genuen presaka, baina tira, hamabietan berriz jaten jarraitzen genuen.
Oso ondo bizi gara, ez dut horren zalantzarik; baina, norbera ongi bizitzeaz harago, uste dut denok ditugula barneko gogoetak… Batzuetan barrutik jaten gaituzten kezkak…
Urteko azken eguna da eta, horrelakoetan, urteko balantzea egiteko ohitura izaten dugu, egin dugunaren eta gertatu zaigunaren laburpena. Egia esan, urte batean milaka istorio eta bizipen gertatzen zaizkio edonori, sentipen asko bizitzen dira urte batean, baina badira urteak joan, urteak etorri, tamalgarria bada ere, errepikatzen diren kontuak. Egunero albiste txarrak entzutera ohitu egin dira gure belarriak, irudi gogor eta mingarriak ikustera ohitu egin dira gure begiak… Ohitu, agian, hitz gogorregia da, nahiz eta, gure artean jada horrelako albisteek eraginik ez izateak asko duen ohitze horretatik. Gauza gutxik hunkitzen gaituzte eta badirudi gertuen ditugun gatazkak direla gutxien ulertzen eta ezagutzen ditugunak. Ziur nago Aminatu Haidarrek hogeita hamabi egunez egin duen greban gutariko askoren atxikipena zuela; aldiz, beste arrazoi batzuk direla medio egiten diren greben aurrean isiltasuna da nabari.
Gizarte post-moderno honetan, erosi-erabili-bota fenomenoa egunero eta uneoro errepikatzen den honetan, inplikazioa hitz potoloegia da. Indibidualistak garela diodanean ez dut ezer berririk esaten; bakoitzak berearekin nahiko duela uste izatea, askorentzat, gizarte honetako jokamoldea baita. Ideologia handien erorketarekin batera, pentsamendu txiki eta indibidualistak bakarrik entzuten dira, bakoitzak bere aho txikitik hitz egiten du eta, horrela, guztion ahotsa entzutea ezinezkoa da, nahiz eta, askotan, albokoek esaten duten gauza bera esan.
Gerra aparteko ikuskizun bilakatzen denean, bonba hotsa inoiz entzun gabeko greatest hit-a denean, ihesaldiak ohiko modus vivenditzat ulertzen ditugunean, ogi puska batek giza bizitzak adina balio duenean eta zerbait edukitzeak izatea suposatzen duenean… Munduaren eta gizateriaren egoera naturala bakea beharrean gerra dela pentsatzen dugunean, orduan, ignorantzia pribilegio bat da.
2010eko urtarrilaren 5ean