Hainbeste maite nuen lurra txiki ikusi nuen hegazkineko leihotik, lur lehor eta arrea. Begiak busti zitzaizkidan aspaldiko partez, familia, lagunak, etxea, dena atzean utzi behar izan nuen. Gogotik egin nuen negar.
Tarte baten ostean eroso jarri eta lasaitu egin nintzen, nire aukera zen! Europara bidean nindoan! Lana aurkitu eta familiari dirua bidaliko nion eta, urte batzuen buruan, itzultzeko moduan izango nintzen. Lehenengo egunak gogorrak izango ziren, ordea, leku berrira ohitu arte, baina ez nintzen larritu, europarrak pertsona zibilizatuak dira, jatorrak eta adeitsuak, eta azkar moldatuko nintzen Orioko herri txikira.
Atzean utzi nuen familia, atzean utzi nituen lagunak eta atzean utzi nuen pobrezia, baita gosea eta bizitza gogor haiek ere. Ahal bezain beste diru bildu eta zerotik hastera nindoan aukeraz betetako herrialde batean. Ezin nuen Afrikan bizitzen jarraitu. Ikasketak amaituta eta lanik egin ezinik nenbilen, ekonomikoki atzeratutako gizarte hartan, bizimodua hobetzeko aukerarik ematen ez zuen hartan. Bizi- modu duina emango nion nire familiari, merezi zuenaren parekoa.
Bi urte pasa dira jada Euskal Herrira etorri nintzenetik. Aukeraz beteriko lurralde honetan bi urte, dagoeneko. Lanik ezin lortu, sabela betetzeko ere komeriak eduki izan ditut: lehenengo lanpostua lortu berri dut. Amets denak ahaztu ditut bi urte hauetan. Zaila da itxaropena edukitzea horrelakoetan; baina fedeak lagundu dit.
Denbora honetan guztian familia txiki baten partaide izan naiz, Orioko beste senegaldarrena. Nire familia urrutiegi sentitzen nuen eta ikusezina nintzen bertakoen begietara. Bi urtetan inor gutxik galdetu dit zein izen dudan, nongoa naizen, zer egiten dudan hemen… Eta lanik ez topatzea gogorra den arren, bizi garen herrian ez integratzea askoz ere gogorragoa da, benetan diotsuet.
Lana topatzea zaila dela badakit, gehiago garai hauetan, bertako jende asko ere langabezian dagoenean. Baina ez nuen uste lagunak egitea ere hain zaila izango zenik, jendea hain itxia izango zenik. Gu askoz ere irekiagoak gara. Ohitura kontua izango da, agian, baina ez dakit zer egin behar den hemen jendea ezagutzeko. Oso zaila da inor niregana etortzea. Kolore beltzagatik izango ote?
Idatzi honen bidez nire eta beste senegaldarren egoera erakutsi eta aurreiritziak alde batera uzteko eskatu nahi dizuet. Erakutsiko dizuegu pertsona zibilizatuak garela, jatorrak, errespetukoak, esker onekoak eta, batez ere, langile finak.
Besterik gabe, kalean topatzerakoan agurtuko zaituztet.
–Atou Boye–
2010eko urtarrilaren 20an