67 urte potolo bete aurretik ezin izango dugu jubiloa lortu. Egokia iruditu zait niri erretiroa atzeratzearen erabakia, bai jauna. Azken finean gure kinta ingurukoak izugarri berandu hasi gara gizarte segurantzari gure ekarpen txikia egiten, eta horrek noizbait buelta izan behar zuen.
Txukuna, beraz, ideia. Baina, zer egingo dute oraindik urte kopuru hori izan ez eta dagoenerako dirua eta denbora, biak ala biak, lortu dituztenek? Guk lana gogor nola egiten dugun ikusi eta lasai, patxaran lo egiteko ahalmena izango al dute? Solidaritate apur bat erakusteko lan pixka bat egitea aukera polita litzateke, bide batez, aspertzeko arriskuari agur esanez. Badatorkit burura ideia bat edo beste.
Taldetxo batek Eusko Gudari kaleko baldosak banan-banan errebisa ditzake. Horrela, euria egiten duen bakoitzeko ez dugu hanketako dutxa nazkagarri horietakoren bat sufrituko. Beste koadrila batek, berriz, herrian momenturo libre dauden aparkalekuen berri izan lezake, eta horrela herrira sartu eta Tragoxka parean bertan jakingo genuke zuzenean kotxea non utzi. Askok eta askok gainera propina polita emango lioke hori egiten duenari! Goizetan arrandegiko pasada gure ordez egitea, hori ere, sekulakoa litzateke. Edo horren ordutegi zabal eta erosoa duten aurrezki kutxetako gestioak egitea. Eginbehar garrantzitsuenetako bat berriz zubiko loreontzietan loreak landatu eta mantentzea izango lukete. Horretarako, baina, loreontziak bertan jartzeko ideia izan zuen iluminatuarekin hitz egin beharko. Ez baitut uste bertan bizi daitekeen lore espezierik jaio denik.
Gu langile finak izango garenon bizitza errazteko kanpaina martxan da. Erretiratu solidarioren batek bere izena eman nahi izanez gero, udaletxeko idazkaritzan du apuntatzeko lista.
2010eko otsailaren 3an