Ingurumena zaindu, kutsadura gutxitu, gure planetaren alde egin… oso kezkatuta dirudite progresoak dakartzan kalteekin eta etor daitezkeen hondamendiak saihesteko guk kontzientzia hartzea ezinbestekoa iruditzen zaie. Tonu eta tankera guztietako mezuak jasotzen ditugu erakunde eta agintariengandik.
Natura babestea helburu bada, batek pentsatuko du, diru-laguntzak ematekotan, bizikletak erosteko emango dituztela eta ez autoentzat; bidegorriak jarriko dituztela edozein lekura iristeko eta ez gero eta errepide eta autopista gehiago… Zorrotz zainduko dutela nork zer botatzen duen ibaira, bereziki gurpiltxoz beteta agertzen denean…
Aitaren batean iritsiko omen gara Parisera edo Madrilera AHTrekin; baina ezin Aginagara trenez joan eta, lanera joateko, Lasartera arteko 15 kilometroak egiteko, ia ordubete behar…
Erretzea galaraziko digute eta etxe ondoan erraustegia jarriko, etengabe sortu eta sortu ari garen zakarrak erretzeko… Dena txikitu arteko onik ez dute izango eta, bitartean gauza bat esan eta bestelakoa egin.
Garai bateko apaizen antz gero eta handiagoa hartzen diet nik agintariei.
2010eko martxoaren 17an