Otsailaren 19a, eguerdiko ordu bata da eta Madrilgo Barajas aireportuan Donostiara eramango gaituen autobusean sartu berri gara. Atzean geratu dira 10 eguneko Kubako abenturak.
Lehen lau egunetan bertako hiriburuan, Habanan, egon ginen eta gainontzeko bostak Varaderon, hondartzan. Euskal Herriaren eta Kubaren artean 6 orduko diferentzia dago; esan dezakegu gu 6 ordu aurreratuago bizi garela, baina 6 ordu hauek lasai-lasai 50 urte izan litezke; izan ere Kubako lurrak zapaldu orduko denboran atzera egiten duzu. Autoak filmetan ikusten diren bezalako Chevrolet eta Cadillac markakoak dira; etxeak ere, nahiz eta ezagun den bere garaian etxe ederrak zirela, oso zaharkituta daude orain eta zer esanik ez kubatarren pentsaera!
Esan bezala, lehen egunak Habanan igaro genituen eta bertan, gure Yuri gida kubatarrak gomendatu bezala, Habana ezagutzeaz gain Habana bizitu genuen; leku zein monumentu esanguratsuenak ikusteaz gain, egunak bertako kale xidorretan barrena ibili eta jendearekin harremanak egiten pasa genituen; eta oso gustura pasatu ere.
Egun horietan zenbait kontu egin zitzaizkigun deigarri: batetik, nahiz eta bertako bizi egoera gurea baino dezente okerragoa izan, Donostiako Boulevarrean baino segurtasun handiagoz ibili ginen edozein kale bazterretan. Ez dugu droga arrastorik ikusi, ez eta lapurreta bakar bat ere. Gure iritziz, bertako gobernuaren politikaren ondorioa izan liteke hori; izan ere, bertako pertsonarik txiroenak ere gutxiengo baliabide batzuk baditu bizi ahal izateko.
Bestetik, bertako denek gurekin hitz egiteko tartea hartzen zuten eta ahal zuten neurrian laguntzen saiatzen ziren, nahiz eta beti ere limosnatxoren baten truke. Limosnatxoa diodanean ez dut dirua soilik esan nahi, bertako edozeinek, ume zein helduek, boligrafo bat ikusi orduko poltsikoan sartzen dute urrea bailitzan.
Azkenik, eta bertakoen errepasoa amaitzeko, zer esan beren patxadari buruz! Oraintxe ulertzen dut ritmo caribeño esamoldearen esanahia. Izatez 2 minutuan egin beharreko lana 10 minututan egiten bazuten gustura.
Behin hiriburua goitik behera miatu ondoren, Varaderora joan ginen; argazkietan zein dokumentaletan ikusten diren hondar zuriko eta ur gardeneko hondartzetara. Hala ere, argazkiekin konformatu beharko dugu zeren hemen bezala han ere hotz denboraldia izan eta, nahiz eta gure neguaren eta hangoaren artean desberdintasun handia egon, ez zigun nahi bezalako eguraldirik egin.
Uste dut ezagun dela hori nire azaleko kolorean.
Asier Lizarralde
2010eko martxoaren 17an