Beti pentsatu izan dut dugun kirolik gogorrena dela txirrindularitza: ehunka kilometro egunean, aldapak gora, behera, orduak eta orduak pedalei eraginez.
Baina, hara non itzulirik miretsi eta preziatuenak, luzeenak eta gogorrenak diren; bai profesionalentzat eta baita zaleentzat ere. Kinieletan agertzen ez den bat 5 egunez lider Tourrean? Tourmaleteko tontorrean bukatzen den etaparik ez? Sinestezina! 1. kategoriako 7 mendi eta kategoria bereziko beste hainbeste jarriko genizkieke gure esku balego. Kirolariak ezinean ikustean gozatu egiten dugu.
Eta haiek eskatutakoa betetzeko gai direla erakutsi behar, profesionalak direla, bizikletaren gainean segituko badute. Eta aizue! Hori ez da makarroiak eta barrita energetikoak bakarrik janda egiten. Kirolariaren ezaugarriak nabarmen hobetuko dituen produkturik hartu gabe, txuletak, behintzat, jan beharko! Guztiek.
Gizon bat datorkit gogora, gainerakoen pare ibilita, zigortua izan dena: gustura ikusiko nuen Astarloza Orioko eta Aiako kaleetan, kamiseta laranja –edo gorria, berdea…– jantzi eta pelotoiaren buruan, tente eta harro, pedalei jo eta fuego!
Lore Berasaluze
2010eko apirilaren 7an