Bai, atzo zela iruditzen zait, baina hamasei urte datorren San Joan egunean beteko dira gure etxea atondu eta kanpotarrei ostatu ematera ausartu ginenetik. Arraro samar begiratzen zigutenak bagenituen gure inguruan; ze abenturatan sartzera ote gindoazen! artean, baserrietan turistei ostatu emateak zalantzak sortzen zituen, gaur egun oso normaltzat jotzen bada ere.
Gogoan dut hasierako urte haietan gure lan egunak Aste Santu, zubi eta udara mugatzen zirela. Pixkanaka urteko asteburuetan lan egiten hasi ginen eta gaur egun esan dezaket ia urte guztiko asteburuetan izaten dela norbait etxean.
Lan egiteko modua oso aberasgarria izan da niretzat, jende eta kultura asko ezagutzeko aukera eman didalako. Aldi berean, lantegia etxean izateak asko lagundu zigun umeak hazteko garaian. Etxea kanpotarrez beteta ezagutu izan dute beti, eta esango nuke horrek onura ekarri diela, irekiagoak izatera eraman baititu, baita txikitatik erdaraz ondo moldatzera ere. Guk bezala, lagun handiak egiteko parada izan dute.
Gurasoekin umetan etortzen ziren haurrak gaur beren bikotekideekin etortzen direla esan behar dut, eta erabat ahaztuta ditudan abenturak gogorarazten dizkidatela. Joan den udan, esaterako, bikote batek kontatu zidan txikitan atari aurreko meta azpian ezkutaketan jolastea gustatzen zitzaiela gauetan.
Xelebrekeria asko gertatu zaizkigu horrenbeste urtetan, baina batzuk kontatze aldera, aurreko urtean izan genuen bisita berezi bat aipatuko nuke. Amona bat etorri zitzaigun familiarekin ehungarren urtebetetzea ospatzera, eta hor gure sorpresa aurten ehun eta batgarrena ospatzera berriz etorri zitzaigunean! Aipatzekoa da, baita ere, aiar bat Istanbulen oporretan zebilela bertako batek Aian egona zela esan ziola, gure etxean…
Etorkizunera begira garbi daukat nire alorrean formazioa izateak lagunduko didala lehiakor izaten, bezeroak egunetik egunera gehiago eskatzen duelako, eta gauza nabaria da eskatzen duguna ematen diguten lekura jotzen dugula guztiok.
Maria Jesus Arruabarrena
2010eko maiatzaren 19an