Zapatero eta Lopez-en gobernuek proposatutako neurriak langile jendearen lan eta gizarte eskubideak murriztearen ildotik doaz. Kapital eta espekulatzaileak sortutako krisia langileok urte askotan irabazitako eskubideak galduz ordaindu dezagun nahi dute.
Zapaterok eta Lopezek aditzera eman dute defizit publikoa gutxitzeko gastu soziala murriztu behar dela –2010ean pentsioak bere horretan utziz, menpekotasun prestazioak murriztuz, jaiotzetako 2.500 eurotako diru laguntza ezabatuz– eta sektore publikoko langileen soldatak murriztu behar direla. Neurri horiekin gobernuek milioika euro aurreztu nahi dituzte defizit publikoak gutxitzeko.
Defizita ingresatzen dena baino gehiago gastatzen denean sortzen da. Defizit horrek bi arrazoi izan ditzake: gutxi ingresatzea edo gehiegi gastatzea. Hego Euskal Herriari edo espainiar estatuari dagokienez defizit publikoa ez dator Europaren batez bestekoa baino gehiago gastatzen delako, baizik eta presio fiskala, hau da, zerga guztien bitartez jasotzen den dirua, Europakoa baino askoz ere txikiagoa delako. Hala ere, ez dute fiskaltasuna errebisatzerik nahi eta, gainera, ukitu duten guztietan kapitalari eta aberatsenei zergak jaisteko izan da. Beraz, proposatzen duten irtenbide bakarra dagoeneko txikia den gizarte gastua murriztea da.
Gainera, Espainiako gobernuak bankaren eskuetan 230.000 milioi euro jartzea erabaki zuen 2009an, eta 61.000 milioi jarri ditu dagoeneko.
Murrizketek beste zerbitzu publikoei ere eragiten diete, hala nola osasun eta hezkuntza arloan non Eusko Jaurlaritzak eta Nafar Gobernuak kalitatea pixkanaka-pixkanaka narriatzeko aukera egin duten, gastua gutxitzeko eta enplegua murrizteko.
Argi dago agintean ditugunak oso eskuzabal dihardutela aberatsenekin eta oso zorrotz langile eta pentsiodunekin. Errenta altuei, enpresei eta kapitalari zergak jaitsi dizkiete eta dirutza ikaragarriak eman bankari; orain faktura langileok ordaindu dezagun nahi dute.
Eta guzti hori plan orokor baten atal bat besterik ez da. Aurki izango dugu lan erreforma, lan merkatuan dagoen prekarietatea areagotuko duena eta horrekin batera negoziazio kolektiboaren erreforma, hemen negoziatzeko ahalmena murriztuko duena.
Erasoa gelditzeko garaia da, politika aldatzeko garaia da. Ezinbestekoa da krisialdiari aurre egin eta enplegua sortzeko aurrekontu eta ekonomia politika bideratzea. Derrigorrezkoa da gastu soziala handitzea eta politika fiskal birbanatzailea sustatzea.
Garaia da murrizketa guzti horien aurka gure ahotsa altxatzeko. Berek ordaindu dezatela beren krisia.
Laura Gonzalez de Txabarri
–2010eko ekainaren 2an–