Urrutira begira

Erabiltzailearen aurpegia Alakrana 2013ko urr. 30a, 11:05

Euri-zaparradaren erdian itsasoratu ginen igandean Seychelletako Victoria Portutik, iluntzeko bost eta erdiak aldean. Iluntzekoak bai, izan ere, paraje hauetan arratsaldeko sei eta erdietarako zeharo iluntzen du eta goizeko seitarako bete-beteko eguzkiak bazter guztiak argitzen ditu. Itsasoan hogeita hamar ordu inguru daramatzagu, eta gauza askok piztu dute gure arreta.

Hasteko, ontziak berak. Alakranak 106 metro luze neurtzen du, kubiertatik gora hiru solairu dituen puente bat du, eta kubiertatik behera veste horrenbeste ditu, korridore estuz eta mota guztietako gelaz beteta. Ez naiz ni inoiz kruzero horietako batera igo, vaina hau ikaragarri handia da eta pasilo eta eskilaretan ez galtzen nahikoa lan badugu momentuz. Gainera, egunargiz izan arren marinelen guardiak direla eta ez-direla beti dago norbait lo atun ontzian eta isil-isilik ibili behar da ontziaren hesteetan barrena. Horrek ere nahikoa lan ematen digu guri, euskaldun builosooi. Ontziaren kanpoko aldean, berriz, kontuak oso bestelakoak dira. Lehenik, harrigarria da latitude hauetan dagoen argitasuna. Itsutzerainokoa batzutan. Atzo bertan, telebistarako kamara aurreko aurkezpena dozena erdi bat aldiz grabatu behar izan genuen, nahiz eta aurpegiz jo ez eguzkiak begiak zabalik edukitzea eragozten zuelako. Gaur, jadanik itsasoan, beste horrenbeste gertatu zaigu kubiertan, eta betaurreko beltzak beti soinean daramatzagu. Paraje hauetarako, barruko arropa bera baino estimatuagoak ez ote diren pentsatzen hasia nago, betaurreko beltzak!

Natura eta izadiaren eragileak albo batera utzi gabe, erremediorik gabe aipatu beharreko veste elementua haizea da. Tropiko inguruko beste lurraldeetan ibiltzea tokatu zaidanetik, kokapen geografiko hauetako haizeek dituzten ezaugarriek beti harritu naute: haize epelak dira normalki, abiadura handiko boladetan ez dabiltzanez enbarazurik ez dute egiten, eta nik ez dakit zergatik, vaina urrutira begiratzen jarri eta, besterik gabe, egonera gonbidatzen dute. Bere osotasunean gorputza bildu eta hozten ez duen freskura eragiten dute soinean. Kiskali gabe, gorputza eta gogoaren epelgarridira. Ba, oraingo honetan ere, Indikoan genuen hitzordura ez dute hutsegin Eolo jainkoak bidalita eta hala, eginkizunik ez badaukagu edozein garaitan kubiertara ateratzen hasi gara, beste zereginik gabe haizea hartu eta kontuak esatera. Edo ixilik egotera urrutira begira.

Izan ere, urrutira begira egotea da Alakranako itsas gizon askoren zeregina. Esate baterako, egunak argitzen duenetik amaitu arte, beti daude hiru lagun gutxienez kataleju handiak hartu eta Itsaso zabalera begira, arrain sarda salatuko duen hegazti bandarik ageriko ote den. Aginte puentean ere, patroia, kapitaina edo lehenengo ofizialak arreta handiz jarraitu behar dituzte inguruko gertakizun guztiak, hona arraina harrapatzera etorri baitira, ez beste ezertara, eta ontzitik kanpo gertatzen den zernahi izan daiteke zantzu on bat atuna nondik dabilen jakiteko. Gaur bezalako egun lasaietan kubiertan dauden marinelek ere sarri-sarri egiten dute so itsasora, eta haietako batek esanda ikusi ditugu gaur lehenengo arrain hegalariak eta izurde bandak ( nahiz eta esan digutenez, hau ez den izurde lekua ). Azkenik, beti, baina beti beti, kanpora begira daudenak segurtasun taldeko lau lagunak dira, militarrak izandakoak denak. Txandaka aritzen dira beraien zelatari lanetan baina haietako bat beti dago talaian, piratak deitzen ditugunak noiz agertuko zain. Atzo gaueko erreleboan, ia hiru orduz jardun genuen berriketal asaian haietako batekin. Besteak beste, nora etorri garen eta zer gerta daitekeen garbi asko utzi zigun, kanpora begiratzeari utzi eta bere lana egiten ez badu.


Bukatu aurretik eta kontu hutsalagoetara etorrita, aipa dezadan hitz hauek bidaltzeko kapitainak gentilki uzten digun bere korreo elektronikorako sarbidea kenduta interneterako konexiorik gabe gaudela, mugikorrak hemen bekainean kolpe bizi bizi bat emateko bakarrik balio duela eta monitoreak bai, baina telebistarik ez daukagula.
Eskuminak danoi.

IBON GAZTAÑAZPI

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide